Athletic Club
Gaur 22:00etan
San Mames, gau magikoaren zain
Erredakzioa
Athleticek 90 minutura du Kopako finalerako txartela. Pousoren taldeak ez du amore eman nahi, baina zuri-gorriek eskura dute finala Mirandan lortutako 1-2koari esker.
Athleticek Bigarren B Mailako Mirandes hartuko du San Mamesen Errege Kopako finalerdietako itzuleko norgehiagokan. Burgoseko taldeak mirarian sinesten jarraitzeko asmoa du, baina zuri-gorriek 1-2ko abantaila garrantzitsua lortu zuten Anduvan jokatutako joaneko partidan.
Bilboko taldeak Errege Kopako finalerako sailkatzea lortzea 90 minutura du eta lortutako abantailaz baliatzea izango da zuri-gorrien helburua. Marcelo Bielsaren mutilek 1-2koa lortu zuten Mirandan eta horregatik Pousoren taldeak gutxienez bi gol sartu beharko ditu San Mamesen finalerako sailkatzea lortzeko.
Emozioz betetako neurketa biziko dela San Mamesen argi eta garbi dago, 2009. urtean Sevillaren aurka jokatutako finalerdia gertu baitago oraindik jokalariengan eta zaleenegan. Athleticek finalerako sailkatzea lortu zuen Caparrosen aginduetara eta Mirandesen aurka balentria berriro gauzatzeko aukera izango du.
Zalantza gutxi daude hamaikakoei begira, izan ere Marcelo Bielsak ohiko jokalariak zelairatuko baititu. Herrerak, Susaetak eta Amorebietak atseden hartu zuten Espanyolen aurka eta San Mameseko zelaian izango dira.
Carlos Pousok, Bigarren B Mailako norgehiagokan Amorebietaren aurka atseden eman zien ohiko jokalari garrantzitsuei, baina Bilbon daukan guztia jarriko du. Iñaki Garmendia, Mikel Martins, Haritz Mujika eta Alain Arroyo aurrelaria hasierako hamaikakoan izango dira.
- Ustezko hamaikakoak:
Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Javi Martinez, Amorebieta, Aurtenetxe; Iturraspe, De Marcos, Herrera; Susaeta, Llorente eta Muniain.
CD Mirandes: Adrian; Garmendia, Cesar Caneda, Corral, Raul Garcia; Garro, Martins; Mujika, Muneta, Pablo Infante; eta Alain.
Arbitro: Undiano Mallenco (Nafarroa)