Athletic Club
2-0 San Mamesen
Susaetaren kalitateak derbi polemikoa erabaki du
Erredakzioa
Eibarko jokalaria protagonista izan da, izan ere, bi golak sartu ditu eta jaurtiketa bat langara bidali du. Realaren gol batek gauzak aldatu ahal izan ditu, baina ez da markagailura igo.
Fitxa teknikoa:
Hamaikakoak:
Athletic: Iraizoz; Iraola, San Jose, Amorebieta, Aurtenetxe; Javi Martinez, Herrera (Iñigo Perez, 71. minutua), De Marcos; Susaeta, Llorente (Toquero, 60. minutua) eta Muniain (Ekiza, 85. minutua).
Real Sociedad: Bravo; Estrada, Mikel Gonzalez, Iñigo Martinez, Cadamuro; Markel Bergara, Zurutuza, Aranburu (Agirretxe, 67. minutua), Xabi Prieto, Giezmann; eta Carlos Vela (Llorente, 77. minutua).
Golak: 1-0, 24. minutua, Susaeta. 2-0, 80. minutua, Susaeta.
Athleticek Reala 2-0 mendean hartu du San Mamesen. Markel Susaetak derbi polemikoa erabaki du partidako bi golak sartuta. Horrela, zuri-gorriek Txapeldunen Ligako postuetan lo egingo dute eta txuri-urdinek atzerapausoa eman dute lasaitasuna lortzeko borrokan.
Lehen zatian tentsioa izan da nagusi, eta jokoak distirarik ez izatea eragin du urduritasunak. Neurketa taktikoa izan da eta jokoak ez du sakontasunik izan. Horrela, gol aukera gutxi izan dira.
Hala ere, Marcelo Bielsaren mutilek gol aukera urrietako bat aprobetxatu dute markagailuan aurrea hartzeko. Area ertzean jokaldi ona egin dute zuri-gorriek eta Susaetak lehen zutoinean sareetara bidali du Iraolaren erdiraketa zehatza.
Kolpearen ostean errekzionatzen saiatu da Reala, baina txuri-urdinek ez dute ia arriskurik sortu. Griezmannen jaurtiketa bat Gorka Iraizozek geratu du arazo handirik gabe.
Athleticek beste bi aukera argi izan ditu, baina 2-0ekoa gehiegizkoa izango litzateke berdegunean ikusitako kontuan hartuta. Susaetak baloia langara bidali du, falta bat bikain atera eta gero. Azken minutuan zuri-gorriek aukera garbia izan dute, baina Bravok bilbotarren hiru erremate saiakerak saihestu ditu.
Bigarren zatia erabat ezberdina izan da, izan ere, Reala aurreneko minututik indartsu atera da eta sakatu egin du. Lehen minutu horietan neurketako jokaldi polemikoa jazo da. Athleticen area barruan, jokaldi nahasi batean, baloiak marra zeharkatu du, baina epaileek ez dute golik eman.
Realak presionatzen jarraitu eta Athleticek baino arrisku gehiago sortu du, baina txuri-urdinek ez dituzte aukerak aprobetxatu. Horrela, Susaeta berriz azaldu da eta maisuki falta bat Bravoren sareetara bidali du. Eibartarraren atzaparkadak partida erabakita utzi du.