Athletic Club
Entrenamendua Lezaman
Llorente eta De Marcos prest daude Uniteden aurka jokatzeko
Erredakzioa
Marcelo Bielsak prentsaurrekoan baieztatu du Llorentek astean zehar izan dituen minak gainditu dituela eta prest egongo dela osteguneko partida jokatzeko.
Athleticeko entrenatzailea den Marcelo Bielsak prentsaurrekoan baieztatu du Fernando Llorente prest egongo dela ostegunean Manchester Uniteden aurka jokatu beharreko Europa Leagueko final-zortzirentako itzulerako partidarako. Aurrelari errioxarra ez da astean zehar entrenatu, baina minak gainditu dituela baieztatu du Bielsak.
Kanporaketari buruz, honakoa esan du entrenatzaile argentinarrak: "Joaneko partidan lortutako emaitzak abantaila txiki bat ematen digu, baina ez diogu garrantzia gehiegirik eman behar, ezin gara konfidatuta atera".
Uniteden inguruan taldeak dituen aurrelariak goraipatu ditu: "Maila handiko aurrelariak ditu eta oso arriskutsuak dira".
De Marcos ez zen astelehenean eta asteartean entrenatu, gripeak eta sukarrak jota zegoelako. Gaur, aldiz, berdegunera atera eta normaltasunez lan egin du.
Manchester Uniteden deialdia
Nani, Anderson eta Phil Jones etxean uztea erabaki du Sir Alex Ferguson Manchester Unitedeko prestatzaileak. Bilbora 20 jokalarirekin etorriko da Ingalaterrako taldea.
Jokalari garrantzitsu horiek etxean uztea erabaki du deabru gorrien entreantzaileak, izan ere, min hartuta daude. Hala ere, gainerako izar guztiak San Mamesen izango dira, Antonio Valencia ekuadortarra barne. Valenciak azken bost neurketak galdu ditu. Chris Smalling eta Paul Pogba gazteak ere deialdian sartu ditu Fergusonek.
Amos, De Gea; Evans, Evra, Fabio, Ferdinand, Rafael, Smalling; Carrick, Cleverley, Giggs, Park, Pogba, Scholes, Young, Valencia; Berbatov, Hernandez, Rooney eta Welbeckek osatzen dute deialdia.