Athletic Club
Asteazkenerako zalantza da
Llorentek sendatze lanak egin ditu Lezaman
Erredakzioa
Ezker aldakan mina du aurrelari zuri-gorriak eta Valentziaren aurkako norgehiagokan deialditik at utzi zuen Marcelo Bielsak. Atletikoren aurka jokatzeko lan gogorra egin du errioxarrak Lezaman.
-
Fernando Llorente. Argazkia: EITB
Athleticeko Fernando Llorente aurrelariak ezin izan zuen Valentziaren aurkako partida jokatu ezker aldakan dituen arazoak direla eta, baina Vicente Calderonen jokatzeko berreskuratze lanak egin ditu gaur Lezaman.
Iban Zubiaurre eta Igor Martinez lesionatuekin batera korrika egin du Llorentek Xabi Clementeren aginduetara eta printzipioz normaltasunez entrenatu da errioxarra.
Valentziaren aurka jokatu zuten titularrek Luis Boninirekin entrenatu dira Ander Herrera izan ezik. Ordezkoak eta deialditik at gelditu zirenak, Jonasekin, Saboritekin eta Ruiz de Galarretarekin batera aritu dira.
Atletiko Madrilen aurka, Gaizka Toquero eta Fernando Amorebieta berreskuratuko ditu Marcelo Bielsak. Hala ere, eskuin hegalean aldaketak egin beharko ditu Rosariokoak, Andoni Iraolari partida bateko zigorra ezarri baitiote txartel gorria ikusteagatik.