Itxi

Athletic Club

Erreginaren Kopa

Athleticek agur esan dio Kopari, Sevillaren aurka galduta (0-1)

EITB Media

Zuri-gorriek porrota jaso dute Lezaman jokatutako Erreginaren Kopako final-zortzirenetako partidan, eta txapelketatik at geratu dira.

0:42
Athletic Club

Athletic Erreginaren Kopatik at geratu da, astearte honetan Sevillaren aurka 0-1 galdu baitu Lezaman jokatu duen final-zortzirenetako partida. Zuri-gorriek agur esan diote txapelketari.

Debora Garciak seigarren minutuan sartu duen gola (0-1) erabakigarria izan da. Athletici min egin dio gola horren azkar jasotzeak. Etxeko taldeak ez du abagune argirik izan lehen zatian.

Atsedenaldiaren ostean, berdinketaren bila jo du Athleticek, baina Sevillak bigarren gola sartzeko abagune argiak izan ditu. Mariasun Quiñones atezainak Andaluziako taldearen gola eragotzi du 56. minutuan, Inmaren jaurtiketa geldituta. Azken txanpan, 86. minutuan, Sevillak lehia erabakita uzteko aukera bikoitza izan du, baina Araya eta Del Estal ez dira fin ibili zuri-gorrien ate aurrean.

Norgehiagokaren azken minutuan, debuta egin duen Itzel Gonzalez Sevillako atezainak ezerezean utzi du Nekane Diezen aukera, Athleticeko jokalariak area txikian egin duen errematea hankarekin desbideratuta. Amaieran, Sevilla garaile.