Itxi

Athletic Club

Balentria, gertu

Bielsa 'zoroa'ren urte arrakastatsua

Erredakzioa

Rosarioko entrenatzailearen aginduetara urte paregabea izan du Athleticek. Orain, helburuak bete egin behar dituzte zuri-gorriek tituluren bat edo beste lortuta.

  • Marcelo Bielsa. Argazkia: EFE

    Marcelo Bielsa. Argazkia: EFE

Marcelo Bielsa helburu argiarekin heldu zen Athleticera, bere joko-estiloa ezartzea. Denboraldiaurrean zuri-gorrien jokoa goitik behera aldatu zuen Argentinako entrenatzaileak, baina bere estiloaren arrakastaren inguruan zalantzak sortzen hasi ziren.

Bilboko taldeak, soilik bi puntu lortu zituen Ligako aurreneko bost jardunaldietan, jaitsiera postuetatik irten ezinik. Hala ere, Realaren aurkako derbian Bielsaren aginduetara BBVA Ligako aurreneko garaipena eskuratu zuten. Zazpi jardunaldi porrota ezagutu gabe izan zen Athletic eta jokalariak Rosarioko entrenatzaileak eskatutakoa erakusten hasi ziren berdegunean. Presio iraunkorra eta baloiaren jabetza mantentzea.

Gauzak guztiz ezberdinak izan ziren UEFA Europa Ligan, zuri-gorriek multzoetako fasea bikain kontrolatu baitzuten, PSG edo Salzburg moduko taldeen aurrean joko erasokorra erakutsita. Lokomotiv talde errusiarra kanporatzeko sufritu egin zuten ‘lehoi’ek, baina Manchester Uniteden aurka bi partida ahaztezin jokatu zituzten. Schalke 04 eta Sporting Portugal gainditu ostean, Bilboko taldeak bere historiako 114 urteetako bigarren finala jokatuko du Europako Txapelketa batean.

Errege Kopan, Athleticek bide errazagoa izan zuen. Oviedo kanporatuta, Albacete eta Mallorca arazorik gabe gainditu zituzten Bielsaren gizonek. Finalerdietan, Carlos Pousoren Mirandes kanporatu zuten zuri-gorriek eta maiatzaren 25ean, titulua lortzeko Bartzelonaren aurka jokatuko dute Vicente Calderon estadioan.

Batez ere Europa Ligako norgehiagoketan erakutsitako maila dela eta Marcelo Bielsa munduko kirol hedabideetak erdigunean izan da Athleticeko jokalarien buruan. ‘Zoroa’k Bilboko klubeko aulkian egindako lana goraipatu egin dute kazetariek eta beste entrenatzaileek. Urtea borobiltzeko helburua argia da, Europa Liga edo Errege Kopa lortzea.