Itxi

Athletic Club

% 69,28ko babesarekin

Athleticeko bazkide konpromisarioek estatutuak berritzea onartu dute

EITB Media

Klubaren estatutuak berritu egingo dira Ezohiko Batzarrean bazkide konpromisarioen % 69,28aren babesa jaso ostean. Estatutuak berritzeko proiektuaren aurka bozkatu du konpromisarioen % 28,10ak.

  • Athletic Club

    Aitor Elizegi Athleticeko presidentea, zuzendaritzako kideekin, Ezohiko Batzarrean. Argazkia: EFE

Athleticeko bazkide konpromisarioek estatutuak erreformatzeko proiektua onartu dute astelehen honetan (maiatzak 23) Bilboko Euskalduna Jauregian egin den Ezohiko Batzarrean.

Estatutuak erreformatzeko proiektuak aldeko 530 boto jaso ditu (% 69,28), 215 (% 28,10) kontrakoak izan dira, 9 baliogabeak (% 1,18), eta 11 bazkidek zuriz (% 1,44) bozkatu dute.

Erreforma honek Osoko Bilkura bermatzen du, eta bazkide guztiek botoa eman ahalko dute. Osoko Bilkura deitzeko klubeko bazkide guztien % 10aren sinadurak aurkeztu beharko dira, edota bazkide konpromisarioen heren batek sinadurak biltzea. Osoko Bilkurak eskumena izango du erreferendum lotesleetarako, kontsultetarako, klubeko aspektu batzuk aldatu ahal izateko, zentsura-mozioetarako eta konfiantza-mozioetarako, klubeko plan estrategikoen inguruko erabakiak hartzeko, edota San Mameseko balizko erosketa baterako.

Gainera, estatutu berriekin, hauteskundeak irabazten dituen hautagaiak onartzen den aurrekontuaren % 5a abalatu beharko du.

Bestalde, bazkidearen defendatzailearen figura sortuko da, baita kontrola, gardentasuna eta gobernamendu ona bermatzeko batzordea ere. Bazkideek telematikoki bozkatzeko aukera izango dute, eta webgunea izango da klubaren komunikazio tresna.