Itxi

Athletic Club

HAUTESKUNDEAK

Jon Uriarte, Athleticen presidente izateko hirugarren aurrehautagaia

EITB MEDIA

Ricardo Barkalari eta Iñaki Arechabaletari batu zaie ekainaren 24an egingo diren hauteskundeetan esku hartzeko asmoan.

  • Jon Uriarteren aurrehautagaitzaren aurkezpena.

    Jon Uriarteren aurrehautagaitzaren aurkezpena.

Jon Uriarte enpresari gaztea Athleticen hauteskundeetara aurkeztuko den hirugarren aurrehautagai izango da. Uriartek 2021/2022 denboraldiko Athleticen azken neurketaren bukaerara arte itxaron dio bere hautagaitza ofizialki plazaratzeko.

Uriartek adierazi duenez, "azken urteotan" bere taldeak eta berak "kluba modernizatuko duen proiektu bat" prestatzen egon dira "etorkizunari aurre egiteko ehun urtetik gorako historian, filosofian eta balioetan oinarrituta".

Era berean, azaldu du gaur arte ez duela bere aurrehautagaitza iragarri "fokua txapelketan egon zedin".

Horrenbestez, ekainaren 24an egingo diren hauteskundeetan hiru izenen arteko hautua egin beharko dute bazkide zuri-gorriek, baldin eta hauteskunde-batzordeak euren hautagaitzak balekotzat jotzen dituen ekainaren 9an.

Izan ere, Uriarteren aurretik Ricardo Barkalak eta Iñaki Arechabaletak dagoeneko ekin baitiote hauteskunde-prozesuari.

2007tik ez zen gertatzen Athleticen hauteskundeetara hiru hautagai aurkeztea. Orduko hartan, Fernando García Macua, Juan Carlos Ercoreca eta Javier González izan ziren aurkeztu zirenak, eta Macuak lortu zuen presidente bihurtzea.