Itxi

Athletic Club

Berdinketa Mallorcaren aurka

Zutoinek eta Rajkovicek Athleticen ligako debuta zapuztu dute (0-0)

B.L.G. | EITB MEDIA

Valverderen mutilek ez dute lortu hiru puntuak bereganatzea hasieratik nagusitu diren partidan. Vesgaren eta Yuriren zutoinera egindako bi jaurtiketak eta Rajovicek goleko lerroan bertan Guruzetari ateratako baloi bat izan dira norgehiagokako jokaldi garrantzitsuenak.

  • Vesga, huts egindako aukera bat eta gero.

    Vesga, huts egindako aukera bat eta gero. Agazkia: EFE

Berdinketa baino ez du lortu Athleticek ligako lehen norgehiagokan. Valverderen mutilek Mallorcaren aurkako partida bere egin dute hasiera-hasieratik baina Rajkovicekin egin dute topo, zeinak gol aukera nagusiak zapuztu dituen.

Izan ere, Athleticek aukerak sortu ditu lehen minutuetatik, horren lekuko izan da 3. minutuan, Yuriren pase bati esker, Villalibrek atera egin duen lehen jaurtiketa. Rajkovicek gelditu du eta norgehiagoka izango zenaren gidoia aurkeztu du. Lehen zatiko aukera argiena ere oso goiz izan da: Vesgak, zortzigarren minutuan, area kanpotik jaurtiketa gogor eta lehor bat egin du, baina zutoinarekin egin du topo eta jarraian hondoko lerrotik irten da.

Hasierako minutu bizi batzuen ostean, norgehiagokaren erritmoa nahiko lasaitu da baina Athleticen aldeko aukerek ez dute etenik izan. Horren lekuko izan da 43. minutuan Muniainek izan duena. Errematea oso behartuta egin du baina, eta atezainaren eskuetara bidali du baloia.

Atsedenalditik bueltan, kanpoko taldearen aukera gutxitako bat heldu da. 48. Minutuan, Maffeok airez ostikatu duen baloi batek Unai Simonen atearen alboko sarea jo du. Zazpi minutu beranduago (55. minutuan), Yuriren jaurtiketa indartsu bat desbideratu du Mallorcako atezainak eta zutoina jo du.

Rajkovicez gain, Unai Simonek ere izan du bere gaitasunak erakusteko aukera. Balearrek atera egindako jaurtiketa bakarrean, Lee Kang Inek (65. minutuan) jotako burukada bat salbatzeko, luzada ederra egin du gasteiztarrak.

Hala ere, San Mames arnasik gabe utzi duen jokaldia 82. minutuan heldu da. Area txikitik gertu Guruzetak egindako jaurtiketa bat desbideratu du defentsa batek. Gola ospatu duen zale zuri-gorririk ere bada. Baina berriro, ia beste aldera botata zegoen Rajkovicek, posizioa azken unean zuzendu eta baloia goleko lerroan bertan atera du.

Partidako azken aukera Nico Williamsena izan da, 91. minutuan, atezainaren eskuetara joan da baloia, zuzenean.

Gauzak horrela, Athleticek ez du berdinketa baino emaitza hoberik lortu izan ligako lehen jardunaldian. Iker Muniainek 500 partida jokatu du Athleticekin eta Malcom Adu Aresek debuta egin du talde zuri-gorriarekin.

Fitxa teknikoa:

0 - Athletic: Unai Simon; De Marcos, Vivian, Yeray, Yuri; Vesga, Sancet (Zarraga, 57. minutuan), Muniain (Guruzeta, 70. minutuan); Iñaki Williams (Malcom Adu Ares, 86. minutuan), Berenguer (Nico Williams, 79. minutuan) eta Villalibre (Raul Garcia, 57. minutuan).

0 - Mallorca: Rajkovic; Maffeo, Valjent, Raillo, Copete, Raillo Jaume Costa; Battaglia, Grenier (Baba, 83. minutuan), Dani Rodríguez (Antonio Sanchez, 64. minutuan); Kang in Lee (Lago Junior, 86. minutuan) y Muriqi (Abdon Prats, 86. minutuan).

Epailea: Javier Iglesias Villanueva. Mallorkako jokalari hauei erakutsi die txartel horia: Copete (22. minutuan), Battaglia (30. minutuan), Dani Rodríguez (45. minutuan), Antonio Sánchez (66. minutuan), Kang (71. minutuan) eta Grenier (76. minutuan).

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena