Itxi

Athletic Club

Baina esku hutsik

Denboraldi gogoangarria

Erredakzioa

Talde zuri-gorriak egindako denboraldia zirraragarria izan da. Bi final jokatu eta biak galdu ditu, baina zaleak oso harro daude.

  • Athleticeko zaleak Madrilen. Argazkia: EFE

    Athleticeko zaleak Madrilen. Argazkia: EFE

Athleticen denboraldiak ametsetan jarri gaitu. Talde zuri-gorriak Europa Ligako eta Errege Kopako finaletarako txartela lortu du, baina bietatik itzuli da esku-hutsik.

Tristeena irudi kaskarra eskaini izana izan da. Bukaresten ez zuen partida ona egin Bielsaren taldeak, eta Falcaoren (2) eta Diegoren golekin titulua eskuratu zuen Atletico Madrilek.

Kolpe latza izan zen, baina Errege Kopa geratzen zen orduan. Fisikoki eta mentalki indarrak berreskuratzeko denbora nahikoa zuen Athleticek, eta, aurkaria oso indartsua zen arren, itxaropena zen nagusi.

Lehen zatiko 24. minutuan, baina, Barça jaun eta jabe zen Vicente Calderonen (0-3). Ametsa laburregia izan zen; ordurako, finala erabakita zegoen.

Zaleen erantzuna bikaina izan zen beste behin, eta taldea azken segundora arte animatu zuten. Marcelo Bielsak ere zale zuri-gorrien babesa jaso zuen. Partida bukatutakoan, gelditzeko eskatu zioten zaleek argentinarrari behin eta berriz, oihuka.

Entrenatzaile argentinarraren etorkizuna airean dago orain, baina Bielsak berak aste honetan erabakiko dela adierazi zuen, prentsaurrekoan.

Bilboko taldeak ezin izan du denboraldia biribildu, baina bizitzak aurrera jarraitzen du...Athletic, beti zurekin!