Itxi

Athletic Club

2024RA ARTE

Athleticek urtebetez luzatu du Jon Morcilloren kontratua

AGENTZIAK | EITB MEDIA

Aurreko kontratua denboraldi honen bukaeran amaitu behar zitzaion Zornotzako jokalariari, eta, hartara, 2024ra arte jarraituko du zuri-gorri gisa.

  • Jon Morcillo Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentearekin batera

    Jon Morcillo Jon Uriarte Athletic Clubeko presidentearekin batera. Argazkia: Athletic Club

Athleticek astelehen honetan jakitera eman duenez, Bilboko taldeak eta Jon Morcillo futbolariak euren arteko lotura denboraldi batez luzatzea adostu dute, 2024ko ekainaren 30era arte, alegia; izan ere, aurreko kontratua denboraldi honen bukaeran amaitu behar zitzaion Zornotzako jokalariari.

Talde zuri-gorriak zabaldutako oharraren arabera, Morcillok onartu egin du Athletic Clubek proposatutako planteamendu ekonomikoa, hau da, jokalariaren soldataren zati bat aldagai batzuen araberakoa izatea.

Hegaleko jokalariak hirugarren denboraldia du maila gorenean, eta orain arte 48 partida jokatu ditu zuri-gorri gisa. Bere denboraldirik emankorrena estreinakoa izan zen (2020-21), 36 partida jokatu baitzituen, horien artean Marcelinoren aginduetara lehoiek irabazi zuten Superkopan.

Urte horretan bertan, Osasunari eta Valladolidi sartu zien gola. Joan den denboraldian, utzita jokatu zuen Valladoliden, eta SmartBank Ligara igotzea lortu zuen.

"Oso harro sentitzen naiz Athleticen beste urte batez jokatu ahal izango dudalako. Nire bizitzako taldea da, dena eman dit. Helburua nigan jarritako konfiantza hori zelaian errendimendu onarekin itzultzea da", adierazi du zornotzarrak.