Itxi

Athletic Club

Lagunartekoa denboraldiaurrean

Athleticek Club Necaxaren aurka jokatuko du Mexikon, uztailaren 19an

EITB MEDIA

Aguascalientes hiriko taldeak mendeurrena ospatuko du, eta, ekitaldien artean, talde zuri-gorria jasoko du. Lehoiek, hiru egun lehenago, Guadalajaran jokatuko dute, Chivasen aurka, Gernikako Arbola Sariaren itzuliko partidan.

  • Athleticek, uztailean, Club Necaxaren eta Chivasen aurka jokatuko du Mexikon. Argazkia: EFE.

    Athleticek, uztailean, Club Necaxaren eta Chivasen aurka jokatuko du Mexikon. Argazkia: EFE.

Athleticek Club Necaxaren aurka jokatuko du lagunarteko partida bat, Mexikon, uztailaren 19an, Bilboko taldeak ostegunean jakitera eman duenez. Neurketa Aguascalientes hirian jokatuko dute, Victoria futbol zelaian; izan ere, Club Necaxa mendeurrena ospatzen ari da, eta, ekitaldien artean, zuri-gorriak jasoko ditu. Beraz, Athleticek bi partida jokatuko ditu Mexikon hurrengo denboraldiaurrean: orain iragarritako neurketaz gain, lehoiak, hilaren 16an, Guadalajaran izango dira, Gernikako Arbola Sariaren itzuliko partidan. Joanekoa abenduan jokatu zuten, San Mamesen, eta Athleticek 2-0 irabazi zuen (Alex Berenguerrek et Oihan Sancetek egin zituzten golak).

Club Necaxa (Athleticek nabarmendu duenez, elastiko zuri-gorria du) hiru aldiz izan da Ligako txapelduna, Concacafeko Txapeldunen Liga behin irabazi du, Kopa lau aldiz, eta Mexikoko Superkopa bat du. BBVA MX Ligan dabil, alegia, Mexikoko futboleko maila gorenean; egun, hamabigarren postuan dago sailkapenenean, indarrean dagoen txapelketako bost jardunaldi jokatuta.

Athletic eta Club Necaxa historian bigarren aldiz ibiliko dira nor baino nor gehiago. 1935ean, Athleticek Mexikora egindako bidaiaren testuinguruan, Mexiko Hirian jokatu zuten elkarren kontra, eta Club Necaxak 4-1 irabazi zuen.