Athletic Club
Tituluaren 40. urteurrena
1983an Liga irabazi zuen Athleticeko taldea maiatzaren 4an omenduko dute San Mamesen, Betisen aurkako partidan
EITB MEDIA
Maiatzaren 1ean, 40 urte izango dira jokalari horiek Athleticen Ligako zazpigarren titulua lortu zutenetik; hortik hiru egunera, 33. jardunaldiaren neurketa hasi aurretik, zaleen txaloak jasoko dituzte. 1982-83an, Athleticek zazpigarren aldiz irabazi zuen Liga, eta 1984an ere izan zen txapeldun.
-
Omenduko dituzten jokalarietako batzuk, artxiboko irudian. Argazkia: EITB Media.
1982-83 denboraldian Liga irabazi zuten Athleticeko jokalariek omenaldia jasoko dute maiatzaren 4an San Mamesen, Athletic-Betis partida hasi aurretik. Maiatzaren 1ean, 40 urte izango dira jokalari horiek Athleticen Ligako zazpigarren titulua lortu zutenetik; hiru egun geroago, 33. jardunaldiko neurketa hasi aurretik (ostegun gauean jokatuko dute, 22:00etan) zaleen txaloak jasoko dituzte, berriro ere. 1982-83 denboraldian, Athleticek zazpigarren aldiz irabazi zuen Liga, eta 1984an ere izan zen Ligako txapeldun, azken aldiz, oraingoz.
Athleticek asteartean jakitera eman duenez, maiatzaren 4an, Athletic-Betis partida hasi baino ordu batzuk lehenago, 1983ko txapeldunek klubak prestatu duen harrera instituzionalean parte hartuko dute; norgehiagoka hasi aurretik, San Mameseko berdegunera irtengo dira, eta, bertan, "San Mameseko publikoaren berotasuna jasoko dute", zehaztu du klub zuri-gorriak.
Athleticek omenaldia jasoko duten "jokalarien zein lantalde teknikoko kideen jarrera bikaina" eskertu du, ekitaldian parte hartzeko erakutsi duten "prestutasun handiagatik". Horrekin batera, Betisen aurkako partidara joango diren zale guztiei eskatu die "San Mamesera ohi baino denbora tarte handiagoarekin joateko, txapeldunei behar bezalako gorazarrea egite aldera".
Javier Clemente zen 1983an Liga irabazi zuen taldeko entrenatzailea, eta jokalari hauek osatu zuten taldea: Zubizarreta, Cedrun, Melendez, Urkiaga, Liceranzu, Goikoetxea, De la Fuente, Nuñez, Bolaños, Gisasola, Oscar Vivanco, Rastrojo, De Andres, Gallego, Urtubi, Sola, Patxi Salinas, Elgezabal, Tirapu, Dani, Sarabia, Argote, Noriega, Julio Salinas eta Arrien. Ia guztiek Liga, Kopa eta Superkopa irabazi zituzten hurrengo denboraldian, 1983-84an.