Itxi

Athletic Club

Lezaman egindako adierazpenak

Gurpegui: 'Iragan denboraldiko maila eman behar dugu aurten'

Erredakzioa

Athleticeko erdilariaren ustez, "beharrezkoa da Europa Ligara sailkatzeko atariko bi kanporaketak pasatzea".

  • Carlos Gurpegui Athleticekin iaz egindako entrenamendu baten. Argazkia: EFE

Carlos Gurpegui Athleticeko kapitainak esan du, taldeak iaz erakutsitako maila eman behar duela aurten ere, eta Errege Kopako eta Europa Ligako finaletara iristea ez zela kasualitatea izan erakutsi behar dutela.

"Iragan denboraldian gauza bat ondo egin genuen: berdin jokatu genuen Oviedoren edo Manchester Uniteden aurka. Iazkoa ez zela kasualitatea izan erakutsi behar dugu. Europa Ligara sailkatzeko atariko lehen kanporaketan pentsatu behar dugu, talde moduan hazten joan behar gara eta hortik aurrera ez diogu ezeri uko egin beharko", esan du jokalari nafarrak.

Gurpeguiren ustez beharrezkoa da taldearentzat Europa Ligara sailkatzeko lehen bi kanporaketak gainditzea, eta ez du uste Olinpiar Jokoengatik izango dituzten bajek (Javi Martinez, San Jose, Herrera eta Muniain) taldeak eman dezakeen maila murriztuko dutenik. Aritz Adurizen eta Ismael Lopezen fitxaketak pozik hartu dituela ere gaineratu du Gurpeguik.

Jokatzea da Gurpeguik aurtengo denboraldirako duen helburu nagusia. "Urte guztia jokatu gabe egon ondoren, denboraldiaurreari ekiteko gogo bizia izan dut. Ondo aurkitzen naiz, eta belaunak arazorik ez ematea espero dut. Iaz, pibote postuan jokatu nituen bi partidak irabazi egin genituen", esan du Andosillakoak.