Itxi

Athletic Club

Denboraldiaurrea

Athleticek lagunartekoa jokatuko du Celticen aurka, Glasgown, abuztuaren 1ean

EITB MEDIA

Klub zuri-gorriak beste bi lagunarteko partida ditu baieztatuta Mexikon: uztailaren 16an, Chivas izango du aurkari, eta uztailaren 19an, Necaxa.

  • Partida abuztuaren 1ean jokatuko dute. Argazkia: Athletic.

    Partida abuztuaren 1ean jokatuko dute. Argazkia: Athletic.

Athleticek lagunarteko partida jokatuko du abuztuaren 1ean Celticen aurka, Glasgown (Eskozia), denboraldiaurrean, ostegunean Bilboko klubak jakitera eman duenez. Klub zuri-gorriak 2023-24 denboraldia prestatzeko beste bi lagunarteko neurketa ditu baieztatuta Mexikon: uztailaren 16an, Chivas izango du aurkari, eta uztailaren 19an, Necaxa. Beraz, hiru aurkari ditu itxita Athleticek, oraingoz.

Bizkaiko klubak zehaztu duenez, Celtic-Athletic partida talde zuri-gorriaren 125. urteurrenaren ekitaldien testuinguruan dago aurreikusita. Gainera, James Forrest Celticeko futbolari eskoziarra omentzeko baliatuko dute; izan ere, Forrestek 15 urte daramatza Glasgowko taldean.

Athleticek gogora ekarri duenez, 2011ko martxoan, San Mamesen, bi taldeek lagunartekoa jokatu zuten, Bizkaiko futbolaren alde. 0-0 amaitu zen. Gainera, 2019an, Bizkaiko klubak Billy McNeill Celticeko jokalari mitikoari eman zion One Club Award saria.