Itxi

Athletic Club

Ofiziala

Carlos Gurpegui izango da Bilbao Athleticen entrenatzailea

Agentziak | EITB Media

Nafarrak Basconia Athleticen harrobiko taldea zuzendu du, eta Federazioko Bigarren Mailarako igoera fasea jokatu du.

  • Carlos Gurpegui, Bilbao Athleticeko entrenatzaile berria

    Carlos Gurpegui, Bilbao Athleticeko entrenatzaile berria. Argazkia: EITB Media.

Carlos Gurpeguik Bilbao Athletic taldea zuzenduko du datorren denboralditik aurrera, talde zuri-gorriak astelehen honetan aditzera emandakoaren arabera. Athleticek adierazi du Gurpeguik "ilusio handiz" helduko diola erronkari.

Andosillako entrenatzailea Athleticen harrobiko Basconia taldea zuzendu du azken hilabeteetan, eta Federazioko Bigarren Mailarako igoera fasea jokatu du. Maila horretan arituko da, hain zuzen, Bilbao Athletic, Federazioko Lehenengo Mailatik jaitsi ostean.

Jokalari bezala, Carlos Gurpeguik 15 denboraldi eman zituen Athleticen, 393 partida jokatu eta 22 gol egin zituen.

"Erronka berria eta oso polita da. Ilusio eta gogo handiarekin egiten diot aurre klubak eman didan aukera honi. Basconian urte eta erdi egin ostean, jokalari guztiak ezagutzen ditut eta denboraldi bikaina egiteko itxaropena daukat", esan du nafarrak Athleticek zabaldutako komunikatuan.

Gurpeguik berak esandakoaren arabera, "Lezamako entrenatzaile guztiek erantzukizun oso handia dute klubarekin eta jokalariekin; are gehiago, daukagun filosofia edukita".