Itxi

Athletic Club

Athletic utziko du

Athleticeko egungo Zuzendaritza Batzordeak ez dio taldean jarraitzeko eskaintzarik egin, dio Iñigo Martinezek

EITB MEDIA

Asteartean zabaldutako ohar baten bidez, Ondarroako jokalariaren komunikazioaz arduratzen den bulegoak Bilboko klubak lehenago emandako informazio ofiziala gezurtatu egin du.

  • Iñigo Martinez, San Mamesen, 2022-23 denboraldiko Athletic-Bartzelona partidan. Argazkia: EFE.

    Iñigo Martinez, San Mamesen, 2022-23 denboraldiko Athletic-Bartzelona partidan. Argazkia: EFE.

Athleticeko egungo Zuzendaritza Batzordeak (Jon Uriarte presidenteak zuzentzen du hori, eta 2022ko ekainaren amaieran hasi zen lanean) ez dio "inolako eskaintzarik" egin Iñigo Martinezi, jokalariaren komunikazioaz arduratzen den bulegoak asteartean, ohar baten bidez, zehaztu duenez. Ohar horretan, "irmoki" gezurtatu egin dute Athleticek ordu batzuk lehenago esandakoa; hain zuzen, Bilboko klubak ofizial egin duenean atzelariak ez duela taldean jarraituko adierazitako kontu batzuk.

Egungo Zuzendaritza Batzordeak ez dio eskaintzarik aurkeztu Ondarroako futbolariari, "negoziazioan aurreko Zuzendaritza Batza geratu zen puntua barneratuz ere ez", nabarmendu du aipatutako bulegoak bidalitako oharrak. Iñigo Martinezek, hortaz, ez dio ezezkorik eman Athleticen eskaintzari, "eskaintzarik ez baita izan. Harrituta eta sinesgaitz gaude klubak emandako komunikazioaren aurrean; gure iritziz, lizuna da, eta asmoa da erantzukizunik gain ez hartzea".

Jokalaria, egoera honengatik, "minduta dago, inoiz ez baitu nahi izan kluba desegonkortu edo kaltetu".

Astearteko lehen orduan, Athleticek baieztatu egin du Iñigo Martinezek ez duela taldean jarraituko, datorren denboraldian: "Azken bi denboraldietan hainbat negoziazio saiakera egin ondoren, Iñigo Martinezek kontratua luzatzeko klubaren eskaintzari uko egin dio", zabaldu du Bizkaiko taldeak. Halaber, Iñigo Martinezek ere baieztatu du, sare sozialetan bideo bat partekatuz, Athletic utziko duela, "beste kirol erronka bati heltzeko garaia" iritsi dela uste duelako.

Atzelaria Bartzelonan da, eta baliteke laster ixtea fitxaketa Bartzelonarekin, hurrengo bi denboraldietarako.