Itxi

Athletic Club

KONTRATU AMAIERA

Athleticek ofizial egin du Iñigo Martinezek ez duela Bilboko taldean jarraituko

EITB MEDIA

Talde zuri-gorriaren arabera, Ondarroako atzelariak “uko egin dio kontratua luzatzeko Klubaren eskaintzari”.

  • Iñigo Martinez, Athleticen elastikoarekin partida bat jokatzen

    Iñigo Martinez, Athleticen elastikoarekin partida bat jokatzen. Argazkia: EFE

Athletic Clubek astearte honetan argitaratutako ohar batean jakinarazi duenez, Bilboko taldeak eta Iñigo Martinez jokalariak ekainaren 30ean amaituko dute kontratua.

Athleticen esanetan, "futbolariak ibilbide profesional berri bati ekitea erabaki du", lehoi bezala sei denboraldi eman ostean. Klub zuri-gorriak azaldu duenaren arabera, azken bi denboraldietan "hainbat negoziazio saiakera" egin ditu, baina Ondarroako atzelariak "uko egin dio kontratua luzatzeko Klubaren eskaintzari".

Athleticek zabaldutako oharrean, "zorte osoa" opa dio jokalariari hemendik aurrerako ibilbide profesionalean, eta, aldi berean, "biziki eskertzen du urte hauetan guztietan erakundearen interesen alde egindako ekarpena eta erakutsitako dedikazioa".

Minutu batzuk geroago, jokalariak berak baieztatu du erabakia, eta zaleei agur esan die sare sozialetan. "Esan nahi dizuet nire azken denboraldia izango dela Athleticen elastikoa defendatzen. Kirol erronka berri bati ekiteko unea iritsi dela uste dut, eta hala sentitzen dut", adierazi du bideoz grabatutako mezuan.

"Iritsi nintzenetik, zuetariko bat sentiarazi nauzue, beste lehoi bat bezala. Badakizue beti utzi dudala zelaian dudan guztia armarri honengatik, nire kideengatik eta zuengatik. Beti. Ez da erraza nire lurra, nire sustraiak eta nire familiarenak uztea. Bizkaia gure etxea da eta izango da beti", esan du Martinezek bere mezuan.

"Ez dut agurtu nahi eskerrak eman gabe klubeko langile guztiei, egunero-egunero baldintza onenetan lan egiteko aukera ematen diguten pertsonei; teknikariei; nire taldekideei eta lagunei; eta, noski, zuei, zaleei. Jarrai ezazue San Mames 'Katedrala' babesten, estutzen eta egiten. Atsegin handia izan da armarri hau defendatzea. Laster arte!". Hala bukatu du bere agur mezua ondarroarrak.

Erdiko atzelari bizkaitarra 2018ko urtarrilean iritsi zen Bilbora, Realetik. Guztira, 177 partida jokatu ditu elastiko zuri-gorriarekin, eta zortzi gol sartu ditu. Bere palmaresean, Bartzelonaren aurka 2018an irabazitako Superkopa ageri da.

Ander Iruk ere ez du jarraituko Athleticen

Athleticek Ander Iru hirugarren atezainaren irteera ere jakinarazi du. Igorrekoak (24 urte) bigarren taldeko fitxa zuen, eta 28 partida jokatu zituen Bilbao Athleticekin. Lehen taldearekin, Las Llanasen, Sestao Riverren aurkako Kopako partidan, estreinatu zen deialdi batean, Gaizka Garitanorekin. Ernesto Valverderen aginduetara, berriz, bost lagunarteko jokatu ditu, Newcastleren aurka, St James Parken, eta Euskal Herria Txapelketaren finala, Realaren aurka, tartean.