Itxi

Athletic Club

FITXAKETA

Athleticek Nahikari Garcia fitxatu du 2025era arte

EITB MEDIA

Aurrelari gipuzkoarra Real Madriletik helduko da Bilbora, talde zuriarekin zuen lotura behin amaituta.

1:31
Nahikari Garcia

Athletic Clubek astearte honetan jakinarazi duenez, Bilboko taldeak Nahikari Garcia aurrelaria (26 urte) fitxatu du 2025eko ekainaren 30era arte. Urnietako (Gipuzkoa) aurrelaria libre iritsi da talde zuri-gorrira Real Madriletik, bertan bi denboraldi jokatu eta gero. Joan zen denboraldian, besteak beste, 7 gol sartu zituen jokatutako 12 partidatan.

Gipuzkoarra David Aznar entrenatzailearekin bat egingo du berriro, Real Madrilen elkarrekin egon baitziren.

Nahikari Añorga KE taldean hezi zen 2013an Realera iritsi zen arte. Hain zuzen ere, bera da Donostiako taldeko historian gol gehien sartu dituen jokalaria, 104 golekin. Horietako batek berebiziko garrantzia izan zuen; izan ere, bere gol batekin donostiarrek Erreginaren Kopako titulua lortu zuten 2019an, Atletico Madrilen aurkako finalean.

Horrez gain, 17 aldiz izan da internazionala eta Munduko Txapelketa absolutu bat jokatu du (2019).

Klubeko hedabideetan egindako adierazpenetan futbolariak nabarmendu duenez, "filosofia berezia duen leku batera iritsi naiz, eta horrek desberdin egiten duela eta edozein jokalari motibatzen duela uste dut. Gogo handiz nator ahal dudan guztian laguntzeko, hazten jarraitzeko eta gauzak ondo egiteko".