Athletic Club
Joaneko neurketa, San Mamesen
Athleticek 6-0ekoarekin erabakita utzi du Europa Ligako kanporaketa
Erredakzioa
Zuri-gorriek HJK Helsinki taldeari jipoia eman diote, eta multzoetako faserako sailkatzea erabakita utzi dute. Aritz Aduriz eta Susaeta, bakoitzak bi gol lortuta, partidako protagonistak izan dira.
Bizkaiko taldeak lortutako 6-0ekoarekin Europa Ligako multzoetako faserako sailkatzea ziurtatu du. Athletic Helsinki baino gehiago izan da, eta Bielsaren mutilek aise gainditu dute Finlandiako taldearen defentsa. Aurreneko zatian Adurizek, Susaetak eta Iñigo Perezek 3-0ekoa jarri dute. Bigarren zatian Adurizek eta Susaetak euren bigarren golak lortu dituzte, eta Iraolak zuri-gorrien seigarrena eskuratu du.
Athletic jaun eta jabe izan da aurreneko zatian, eta Finlandiako taldeak ezin izan du erasoan arriskurik sortu. Bielsaren mutilek jokoa bikain kontrolatu dute, eta aukera argi ugari izan dituzte. Wallen atezainak jaurtiketa bat ederki desbideratu du, eta aldaratzean De Marcosek baloia gutxigatik kanpora jaurti du.
Ismael Lopezek, 16. minutuan, abagune bikaina izan du, baina Wallenek baloia ondo gelditu du. Jarraian, De Marcosek eta Mikel San Josek ere aukera argiak izan dituzte, baina bi erremateak kanpora bideratu dituzte.
Neurketako aurreneko gola Aritz Adurizek eskuratu du, lehenengo zatiko 24. minutuan. Gipuzkoako jokalariak baloia sareetara bidali du, burukada eder batekin, eta zuri-gorriak markagailuan 1-0 goitik jarri dira. 2-0ekoa Markel Susaetak lortu du (30. minutua), beste burukada gogor batekin. Atsedenaldia heldu aurretik, Iñigo Perezek 3-0ekoa jarri du markaagailuan, falta jaurtiketa zuzen batekin.
Bigarren zatian Athleticek erasoan sakatzen jarraitu du, eta Adurizek bere bigarren gola lortu du (49. minutua). Neurketako 56. minutuan Markel Susaetak 5-0ekoa jarri du markagailuan, eta Bilboko taldeak HKJ taldearen aurkako Europa Ligako kanporaketa erabakita utzi du.
Susaetaren golaren ostean, Mikel San Josek seigarrena lortzeko abagune argia izan du, baina zentralak langara bidali du baloia. Ruiz de Galarretak ere gola lortzeko aukera ederra izan du, baina saikaera zuzenean kanpora joan da. HJK taldeak Iraizoz urrunetik ezustean hartzen saiatu dira, eta Mattilaren jaurtiketa langak desbideratu du. Kontraerasoan, Iraolak zuri-gorrien seigarren gola eskuratu du (83. minutua).
- Fitxa teknikoa:
6 - Athletic Club: Iraizoz; Iraola, Gurpegui, San Jose, Iñigo Perez; Iturraspe; Susaeta (Muniain, 69. minutuan), De Marcos, Herrera (Galarreta, 74. minutuan), Isma Lopez; eta Aduriz (Ibai Gomez, 59. minutuan).
0 - HJK Helsinki: Wallen; Sorsa, Lahti, Lindstrom, Sumusalo; Vayrynen (Zeneli, 65. minutuan), Perovuo; Mannstrom, Schuller (Mattila, 46. minutuan), Savage; eta Sadik (Makela, 71. minutuan).
Golak: 1-0, 24. minutuan: Aduriz. 2-0, 30. minutuan: Susaeta. 3-0, 42. minutuan: Iñigo Perez. 4-0, 50. minutuan: Aduriz. 5-0, 56. minutuan: Susaeta. 6-0, 84. minutuan: Iraola.