Athletic Club
Bilera egin dute
Palestinako banderarik ez erakusteko eskatu diote Herri Norteri
Erredakzioa
Ostegunean, Hapoel Kiryaten kontrako partidan, Palestinako banderarik eta Israelen kontrako lelorik ez erakusteko eskatu dio Athleticeko zuzendaritzak Herri Norte Taldeari.
-
Argazkia: EFE
Athleticeko zuzendaritzak Herri Norte Taldeari (HNT) ostegunean, Hapoel Kiryaten kontrako partidan, Palestinako banderarik eta Israelen kontrako lelorik ez erakusteko eskatu dio; izan ere, aurkariek keinu iraingarri bat bezala har dezakete. Herri Norte Taldeko ordezkariek Athleticen planteamendua arbuiatu dute.
El Correo egunkariak jakitera eman duenez, Athleticeko eta HNTko ordezkariak iragan astelehenean bildu ziren Ibaiganen. Israelgo taldeari eman beharreko harrera leuntzeko eskatu zion Athleticek Herri Norteri.
Hapoelen aurkako norgehiagokak arriskuak dituela badaki Athleticeko zuzendaritzak. 2010ean, Athleticen eta Anderlechten arteko istiluen ostean San Mamesek ixteko ohartarazpena jaso zuen.
"Kirol ekitaldietatik at geratzen diren objektuak, adierazpenak edo keinuak" debekatzen ditu UEFAk, "bereziki mezu politiko iraingarriak edo zirikatzaileak".
San Mamesen Palestinako banderak erakustea "mezu politiko zirikatzaile" gisa uler dezake UEFAk, eta talde zuri-gorriak argi dauka.
Segurtasun neurriak
Ostegunean 150 ertzain izango dira San Mameseko inguruetan, eta segurtasun enpresetako beste 100 bat langilek segurtasuna bermatuko dute.
Israelgo taldea bere segurtasun neurri propioekin heldu da Bilbora. Filtrazioak saihesteko ez diote bertako Poliziari mugimendu guztien berri emango, azken ordura arte ez behintzat.