Itxi

Athletic Club

Derbiaren atarikoak

Athletic lanera itzuli da, baina Raul eta Iraola ez dira entrenatu

Erredakzioa

Medikuek ez dute jokalari horien egoeraren berri eman eta biek derbia jokatzeko arazorik izango ez dutela ematen du. Ondorioz, laster Marcelo Bielsaren aginduetara izango dira.

  • Athleticeko jokalariak korrika egiten, Lezaman. Argazkia: EITB

    Athleticeko jokalariak korrika egiten, Lezaman. Argazkia: EITB

Athleticeko jokalariak lanera itzuli dira gaur Lezaman, atzoko atseden egunaren ostean. Malagaren kontra hasierako hamaikakoan izan ziren jokalariek indarberritzeko lana egin dute. Raul Fernandez atezaina eta Andoni Iraola hegalekoa ez dira taldekideekin entrenatu.

Medikuek ez dute jokalari horien egoeraren berri eman eta biek datorren larunbateko derbia Anoetan jokatzeko arazorik izango ez dutela ematen du. Ondorioz, laster Marcelo Bielsaren aginduetara izango dira.

Era berean, Gorka Iraizoz atezaina ez da berdegunean izan. Belauneko distentsioa du atezainak eta iragan igandean ezin izan zuen jokatu. Realaren aurkako neurketa jokatzeko zalantza da; izan ere, medikuek ez dute sendatzeko eperik finkatu.

Iñigo Perez ez da gaurko entrenamenduan azaldu. Esker hegalekoak eskuin orkatila bihurritu zuen duela bederatzi egun, Bartzelonan, eta osatzeko lana bakarrik egiten ari da, antza denez.

Gainerako jokalariek entrenamendu fisikoa egin dute. Oscar de Marcosek entrenamendua lehenago utzi du. Bestalde, Ander Herrerak lan saioan parte hartu du. Hala ere, erdilariak oraindik bi-lau aste beharko ditu jokatzeko.