Itxi

Eibar

Errege Kopa

Eibarrek partida serio eta eraginkorra egin du Pontevedran, Kopan sailkapena lortzeko (0-3)

EITB Media

Javi Martonek, Corpasek eta Magunazelaiak egin dituzte Beñat San Joseren taldearen golak. Galiziako futbol-zelaira ederto egokitu dira armaginak.

5:11
Jokalari armaginak Javi Martonen gola ospatzen. Irudia: SD Eibar

Eibarrek partida serioa egin du Pontevedran, eta Errege Kopako final-hamaseirenetarako sailkatu da. Talde armagina Galiziako futbol-zelai labanera egokitu da, eta etxeko taldearen intentsitatea berdindu du.

Lehen zatia orekatua izan da, eta Javi Martonek husnako markagailua urratu du 30. minutuan, talde armaginak aurkarien zelaian baloia lapurtu duela baliatuta.

Atsedenaldiaren ostean, bigarren zatiaren hasieran Luis Lopezek geldiketa bikaina egin du Pontevedrako taldearen jaurtiketa batean, eta Eibar taldeko atezainak kornerrera bidali du baloia. 53. minutuan, atezain armaginak areaz kanpotik egindako beste jaurtiketa bat urrundu behar izan du.

Bi susto txiki horien ondotik, Eibarrek bigarren kolpea eman du. Beñat San Joseren taldeak beste baloi bat ostu du aurkarien zelaian, eta kontraeraso arriskutsu eta azkarra abiatu du. Minutu batzuk lehenago zelairatu den Corpasek jokaldia amaitu eta baloia sareetara bidali du (65. min).

Armaginen bigarren golaren ostean, Eibarrek beste hiru erremate izan ditu ia jarraian Pontevedraren arean, baina ez dute aterik aurkitu. Ondoren, Galiziako taldea erreakzionatzen saiatu da, markagailuan hurbiltzeko asmoz, baina ez du asmatu azken metroetan.

Magunazelaiak asmatu du, ondo asmatu ere. Hirugarren gola egin du, area kanpotik jaurtita (78. min). Harrezkero, bistakoa zen nork irabaziko zuen.