Itxi

Eibar

32. jardunaldia

Eibarrek gora begira dagoen Celta hartuko du

Agentziak | Erredakzioa

Armaginek Ipuruako azken partidan berreskuratutako bide ona (1-0 Malagaren aurka) jarraitu nahi du. Galiziarrek 7.a postua dute helburu.

1:09

Eibarek, mailari eustea buruan duela, Europari begira dagoen Celta hartuko du Ipuruan, igandean 21:00etan. Armaginak garaipenera itzuli ziren etxeko azken partidan, eta bide hori jarraitu nahi dute Lehen Mailan geratzeko.

BBVA Ligan debuta eginda, bikain hasi zuen denboraldia Eibarrek, lehen itzulian 27 puntu eskuratuta. Baina bigarrenean, 4 puntu baino ez zituzten lortu 12 partidatan. Etxeko azken neurketan Malagari irabazi zioten, Arruabarrenak buruz gola sartuta, azken garaipenetik hiru hilabetera.

Celtaren ostean, Almeriaren kontra arituko da Eibar. Oso norgehiagoka garrantzitsuak dira, maila eusteari begira.

Gaizka Garitanok ez ditu jokalari guztiak prest. Jaime Jimenez atezaina lesionatuta dago, abenduan eta urtarrilean geldituta mantendu zuten bizkarreko minengatik berriz. Raul Navas eta Dani Garcia oraindik zalantzak dira. Entrenatzailea azken momentura arte egongo da zain.

Eneko Boveda itzuliko da, Real Madrilen aurka zigortuta egon ostean. Angel berriz taldearekin entrenatzen hasi da. Ebakuntza egin zioten apendizitisagatik.

Celtak Rayori irabazi zion, nagusitasun osoz, azken jardunaldian (6-1). Lortuta dituzte Lehen Mailan geratzeko beharrezko puntuak, eta 7. postuari begira jarri dira orain. Eduardo "Toto" Berizzok Radoja eta Tucu Hernandez berreskuratu ditu, baina litekeena Rayoren aurkako garaipeneko hamaikako bera errepikatzea da.

Ustezko hamaikakoak:

Eibar: Xabi Iruretagoiena; Boveda, Añibarro, Raul Navas edo Lillo, Didac Vila; Borja Fernandez, Dani Garcia edo Errasti; Capa, Arruabarrena, Saul Berjon; eta Manu del Moral.

Celta: Sergio Alvarez; Hugo Mallo, Cabral, Fontas, Jonny; Augusto Fernandez, Krohn-Dehli; Santi Mina, Orellana, Nolito; eta Larrivey.

Epailea: Velasco Carballo (madrildarra).