Itxi

Eibar

Atletico eta Vila-real

Eibarrek eta Athleticek garaipena nahi dute aurkari zailen kontra

Erredakzioa

Armaginek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute larunbat honetan Calderonen, 16.00etan. Zuri-gorriek, aldiz, Vila-real izango dute aurkari San Mamesen, 20:30ean.

  • Iñaki Williams. Argazkia: EFE

    Iñaki Williams Vila-rean aurka Kopan sartutako gol bat ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek eta Athleticek larunbat honetan ekingo diote BBVA Ligako 23. jardunaldiko partidei, eta aurkari zailak egokitu zaizkie. Armaginek Atletico Madrilen aurka jokatuko dute Calderonen, 16:00etan; Zuri-gorriek, aldiz, Vila-realen aurka jokatuko dute San Mamesen, 20:30ean.

Armaginen aurkaria Atletico Madril da. Koltxoneroak bigarren dira BBVA Ligako sailkapenean eta partida bakarra galdu dute Ligan Calderonen. Simeonek lesionatuta dagoen Savicen eta zigortuta dagoen Godinen bajak izango ditu; ondorioz, Saul Ñíguezek jokatuko du erdiko defentsa postuan Gimenezekin batera. Eibarrek, bestalde, Borja Bastonen hutsunea izango du ezin baitu partida hau jokatu Atleticok utzita baitago Eibarren. Mendilibarrek Ansotegi eta Jota Peleteiro sar litzake hasierako hamaikakoan. Talde gipuzkoarra sailkapeneko zortzigarren postuan da 33 punturekin eta puntu bakarrera du Athleticek betetzen duen eta Europa Ligarako sailkapena ematen duen seigarren postua.

Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak honako hamaikakoa atera lezake Calderonen: Riesgo; Capa, Dos Santos, Ansotegi edo Ekiza, David Junca; Escalante, Dani Garcia; Keko Gontan, Adrian edo Jota Peleteiro, Saul Berjon edo Inui; eta Sergi Enrich.

Athletic-Vila-real, Championseko lehia

20:30ean lehia garrantzitsua izango du Athleticek San Mamesen. Zuri-gorriek Vila-real izango dute aurkari. Castelloko taldea laugarren da BBVA Ligako sailkapenean 44 punturekin eta Athletic seigarren postuan da, 34 punturekin. Porrot batek asko zailduko lioke Athletici Txapeldunen Ligan sartzeko aukera.

Vila-realek Eric Bailly, Samu Garcia eta Tomas Pina jokalarien bajak ditu, baina Denis Suarez eta Jaume Costa jokatzeko prest daude. Athleticen deialdian Gorka Iraizoz da berritasuna lesio bat gainditu ostean. De Marcos baja da, zigortuta baitago. Viguera deialditik at geratu da min hartuta dauden Raul Garciarekin eta Ibai Gomezekin batera.

Athleticek honako hamaikakoa aterako du: Iraizoz; Lekue, Etxeita, Laporte, Balenziaga; San Jose, Beñat; Williams, Eraso, Susaeta; eta Aduriz.