Itxi

Eibar

Gaur, 21:30ean

Eibar, Balaidosen kanporaketari buelta emateko asmoz

Agentziak | Erredakzioa

Vigoko partidari begira hasieratik aritzekoa zen Asier Riesgok ezingo du Galiziara bidaiatu sorbaldan lesioa izan eta gero. (Joanekoan, 1-2 Celtaren alde).

  • Eibarrek bi aldiz galdu du dagoeneko aurtengo denboraldian Celtaren aurka. Argazkia: EFE

    Eibarrek bi aldiz galdu du dagoeneko aurtengo denboraldian Celtaren aurka. Argazkia: EFE

Eibarren Errege Kopako final-hamaseirenetako itzulerako partida zailari egin beharko dio aurre gaur; izan ere, joanekoan Ipuruan izandako 1-2ko emaitzari buelta eman behar dio. Dena den, ligako azken bi jardunaldietan jarraian lortutako bi garaipenek hegoak eman dizkiete armaginei, eta ez dute bolada ona eten nahi.

Beraz, eta nahiz eta armaginek ez duten kanporaketa erabakitzat jotzen, garbi dago Mendilibarrek minutuak emango dizkiela titularrak ez direnei lehiaketako erritmoa har dezaten.

Aitzitik, Vigoko partidari begira hasieratik aritzekoa zen Asier Riesgok ezingo du Galiziara bidaiatu sorbaldan lesioa izan eta gero. Ez dirudi ezta Espanyolen aurkako norgehiagokarako sendatuko denik ere, eta taldeak duen lesionatu kopuru amaigabera gehitu behar da bere izena.

Mendilibarrek bigarren taldeko hiru jokalari deitu ditu (Markel Areitio atezaina, Sarriegi eta Julen Azkue), eta seguruena euren aukera izango dute Balaidosen.

Gainontzean, Zaldibarreko entrenatzaileak hamaikako berri bat zelairatuko du. Agian, berritasun nagusiena Charlesek hasieratik jardun dezakeela izan daiteke, epaileak kaleratu egin baitzuen Mendizorrotzan, eta, horrenbestez, datorren asteburuan atseden hartzea egokituko zaio halabeharrez, nahiz eta oraindik ez den jakitera eman zein izango den jasoko duen zigorra.

Bere aldetik, Juan Carlos Unzue Celtako entrenatzaileak ez du bere taldea faborito gisa ikusten, azken hilean sentsazio onak erakusten ari den arrean, eta lehia zaila izango dela aurreikusten du, zeinetan bere taldeak golen bat sartu beharko duen ez sufritzeko.

Hala ere, Unzuek berak aurreratu duenez, aldaketak egingo ditu hamaikakoan Bartzelonaren kontrako partida gogoan hartuta, eta, besteak beste, Radojak zelai erdian eta John Guidettik aurrealdean hasieratik joka dezakete.

Hasieratik minutuak izan ditzaketen beste zenbait jokalari Emre Mor (eskuin-hegalean) eta Hjulsager (ezkerrekoan).

Sergio Alvarez ere atezain-lanetara itzul daiteke, Ruben Blancok ligan lekua kendu ostean.

Balizko hamaikakoak:

Celta: Sergio Álvarez; Hugo Mallo o Wass, Cabral, Fontás, Jonny; Radoja, Brais Méndez, Jozabed; Emre Mor, Hjulsager eta Guidetti.

Eibar: Areitio; Capa, Lombán, Gálvez, Cote; Sarriegi, Julen Azkue; Bebé, Kike García, Rubén Peña; eta Charles.

Epailea: Xavier Estrada Fernández (Kataluniako batzordea)

Zelaia: Balaidos

Ordua: 21:30ean