Eibar
IPURUA, 16:15ean
Eibarrek Bartzelonaren nagusitasuna kolokan jarri nahi du
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Ipuruak duela ia astebete eskegi zuen sarrera gehiago ez daudela adierazten duen kartela; beraz, harmailetako giroa ziurtatu dago.
-
Messi eta Dimitrovic aurrez aurre, lehen itzuliko partidan. Argazkia: EFE
Eibarrek bi bolada eten nahi ditu larunbat honetan, Ipuruan: batetik, Bartzelonari Ligan lehendabiziko aldiz irabazi; bestetik, Valverderen taldeak lehiaketako estreinako neurketa gal dezala eragin.
Azkenaldian pilatu dituzten emaitza onak eta etxean jardungo dutela dira armaginek baliatu nahi dituzten tresnak helburu hori erdiesteko. Jose Luis Mendilibar etxekoen entrenatzaileak argi dauka ez diola baloia Bartzelonari utziko, baizik eta ohi duen bezala arituko dela, hots, aurkariaren zelaian presionatuz eta ahalik eta baloi gehien areara erdiratuz.
Oraindik ez da ezagutzen Eibarren azken deialdia, Mendilibarrek jokatzeko prest dituen 22 jokalariak deitu baititu larunbaterako. Enrichek jokatu ezinda jarraituko du, baina zorionez taldeak ez du haren faltarik sumatu, dinamika onean murgilduta baitabiltza.
Horrenbestez, zaila da esatea zer erabakiko duen Mendilibarrek, batez ere erdi kanpotik aurrera begira.
Ipuruak duela ia astebete eskegi zuen sarrera gehiago ez daudela adierazten duen kartela; beraz, harmailetako giroa ziurtatu dago.
Bartzelonari dagokionez, Ernesto Valverde zalantzan egon daiteke zer egin Ipuruan: jokalariak Europako lehiarako gorde ala bere jokalari onenak plazaratu; izan ere, aurreko jardunaldian Getaferen aurka etxean huts egin ostean (0-0) Atletico Madril zazpi puntura hurbildu zitzaion sailkapenean; alabaina, aldi berean, katalanek Txapeldunen Ligako partida daukate asteartean Chelsearen aurka Londresen.
Hartara, aukera asko daude zabalik larunbaterako neurketari begira.
2014/2015 urtean Eibarrek Lehen Mailan debutatu zuenetik Bartzelonak ez du galdu armaginen aurka, eta, gainera, Leo Messi bereziki ondo moldatzen da eibartarren aurrean.
Balizko hamaikakoak:
Eibar: Dmitrovic; Capa, Arbilla, Ramis, Cote; Dani García, Diop, Orellana, Charles, Inui; Kike Garcia.
Bartzelona: Ter Stegen; Semedo, Mina o Piqué, Umtiti, Alba; Busquets, Rakitic, Coutinho; Dembélé, Suárez y Messi.
Epailea: Hernandez Hernandez (Kanarietako batzordea)
Zelaia: Ipuruan, 16:15ean