Eibar
Igandean, 18:30ean
Eibarrek Europa du helburu eta Realak denboraldia ondo amaitzea
eitb.eus
Armaginen eta txuri-urdinen arteko derbia Ipuruan jokatuko da igande honetan, 18:30ean.
-
Escalante eta Zurutuza iragan denboraldiko Eibar-Reala derbian. Argazkia. EFE
Eibarrek eta Realak euskal derbia jokatuko dute igande honetan Ipuruan, 18:30ean. Armaginek Europako postuetan sartzeko lehian jarraitzea dute helburu eta txuri-urdinek, denboraldia ahalik eta ondoen amaitzea.
Denboraldi ona egiten ari da Eibar eta amaierara arte Europako postuetan sartzeko borrokan jarraitzea du helburu. Derbirako, Mendilibarrek argi du hamaikakoa: Dmitrovic, Jose Angel, Arbilla, Ramis, Capa, Diop, Escalante, Inui, Pedro Leon, Charles eta Kike Garcia. Zalantza bakarra da Mendilibarrek Inui hasieratik zelairatuko duen ala ez, japoniarrak ez baitzuen geldialdiaren aurreko partida hasieratik jokatu. Dani Garcia baja da zigortuta dagoelako, eta Sergi Enrich eta Fran Rico min hartuta daudelako.
Realean mugimendu eta aldaketa askoko egunak izan dira. Gutxi hitz egin da Eibarren aurkako partidaz. Eusebio Sacristan entrenatzailea eta Loren kirol-zuzendaria kargugabetu zituzten, eta Imanol Alguacil izendatu zuten teknikari. Aste honetan, aldiz, klubak jakinarazi du Roberto Olabe dela kirol-zuzendari berria.
Imanol Alguacilek bere lehen deialdia eman du, eta kanpoan utzi ditu Jon Bautista eta Sergio Canales. Min hartuta daude, Gero Rulli, Xabi Prieto eta Carlos Martinez. Realak ondorengo hamaikakoa aterako du Ipuruan: Moya, De la Bella, Hector Moreno, Diego Llorente, Odriozola, Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza, Oyarzabal, Januzaj eta Willian Jose.
Ustezko hamaikakoak:
Eibar: Dmitrovic, Jose Angel, Arbilla, Ramis, Capa, Diop, Escalante, Inui, Pedro Leon, Charles eta Kike Garcia.
Reala: Moya, De la Bella, Hector Moreno, Diego Llorente, Odriozola, Zubeldia, Illarramendi, Zurutuza, Oyarzabal, Januzaj eta Willian Jose.
Zelaia: Ipurua.
Data eta ordua: Igandean, 18:30an.