Itxi

Eibar

2-0

Eibarrek galdu egin du Betisen aurka eta Europako postuetatik aldendu da

eitb.eus

Talde armaginak 2-0 galdu du Benito Villamarinen partida kaskarra jokatuta. Sergio Leonek sartu du Betisen lehen gola eta Arbillak bere atean, bigarrena.

  • Sergio Leon eta Anaitz Arbilla. Argazkia: EFE

    Sergio Leon eta Anaitz Arbilla, Betis-Eibar (2-0) partidan. Argazkia: EFE

Eibarrek porrota jaso du Betisen aurka (2-0) Benito Villamarin zelaian, Ligako 31. jardunaldiko partidan. Porrot honen ondorioz, talde armaginak atzerapausoa eman du Europako postuetan sartzeko lehian.

Partida hasi den unetik nagusi izan da Betis. Andaluziako taldea baloiaren jabe egin da, eta berak ezarri dio nahi izan duen erritmoa neurketari. Eibar saiatu da aurrera jotzen, baina asko kosta zaio Betisen presioa gainditzea. Etxeko taldea baloiaren jabe izan da, baina ez du abagune argiegirik sortu 21. minutura arte. Barraganek pase bikaina eman dio Sergio Leoni eta honek maisuki gainditu du Dmitrovic atezaina, 1-0ekoa sartzeko. Gola hartu ostean erasora jo du Eibarrek, baina Mendilibarrek zuzentzen duen taldea ez da abagune argiak sortzeko gai izan. Armaginek lehen zatian gola sartzeko izan duten aukera gutxienetako bat 32. minutuan iritsi da; hegaletik etorri den erdiraketa errematatzeko prest zen Kike Garcia, baina Mandik baloia desbideratzea lortu du, aurrelari armaginak errematea egin baino lehen. Atsedenaldira heldu orduko, Betisek bi abagune argi izan ditu, eta Eibarrek ere izan du bat, baina Kike Garciak orpoz egin duen errematea, indarge, kanpora joan da.

Bigarren zatian ere nagusi izan da Betis. Neurketako 50. minutuan, bigarren gola sartu du etxeko taldeak; Barraganek jokaldi bikaina egin du, arean sartu da, pasea eman du, eta Arbillak bere atean sartu du 2-0ekoa. Bigarren gola hartzeak min egin dio talde armaginari eta ordutik aurrera Betis izan da jaun eta jabe. Ezinean ibili da Eibar eta Betisek abantaila handitzeko aukerak izan ditu. Dmitrovicek Boudebouzen jaurtiketa bati erantzun ona eman dio, eta Bartrak ere gertu izan du gola, gutxigatik kanpora bidali duen erremate baten ostean. Ruben Castrok izan du Betisen aukera argiena, baina Guardadoren pase bikainaren ostean, Castroren errematea kanpora joan da. Luzapenean, Dmitrovic atezainak andaluziarren gola eragotzi du Ruben Castroren jaurtiketa desbideratuta.

Fitxa teknikoa:

2 - Real Betis: Dani Gimenez; Barragán, Mandi, Bartra, Jordi Amat, Junior; Fabian, Guardado; Boudebouz (Joaquin, m.67), Tello (Ruben Castro, m.82); y Sergio Leon (Loren, m.61).

0 - Eibar: Dmitrovic; Peña, Ramis, Arbilla, Cote (Capa, m.63); Jordan, Dani Garcia, Pedro Leon, Orellana; Escalante (Inui, m.63) eta Kike Garcia (Ivan Alejo, m.78).

Golak: 1-0, M.21: Sergio Leon. 2-0, M.50: Arbillak, bere atean.

Epailea: David Medie Jimenez.

 

  • Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
  • Futbola