Eibar
Gaur, 19:30ean
Bajaz beterik egingo dio bisita Eibarrek Espanyoli
AGENTZIAK | ERREDAKZIOA
Mendilibarrek azken jardunaldietan min hartuta ibili den Charles deialdian sartu du, baita bigarren taldean jokatzen duen Angel Lopez erasoko ezker hegalekoa ere.
Eibarrek bajaz beteta bidaiatuko du Cornellara gaur 19:30ean, baina baita hiru puntuak lortzeko helburu argiarekin ere, ez baitu garaipenik lortu azken sei neurketetan.
Defentsan, Ivan Ramis eta Arbillak ez dute bidaiatuko lesionatuta daudelako; erasoko jokalariei dagokionez, berriz, Fabian Orellana txiletarra eta Takashi Inui japoniarra ere ez dira jokatzeko moduan izango.
Aitzitik, Mendilibarrek azken jardunaldietan min hartuta ibili den Charles sartu du deialdian, baita bigarren taldean jokatzen duen Angel Lopez erasoko ezker hegalekoa ere, Inuiren lekua har dezan.
Zaldibarko entrenatzaileak aurreratu duenez, Alavesen aurka asteburuan jardun zuten jokalarietako gutxik errepikatuko dute hasierako hamaikakoan. Hartara, Alejo, Lomban edo Escalante bezalako jokalariek aukera ona izan dezakete euren buruak aldarrikatzeko.
Bere aldetik, azken lau partidetan berdinketa bat eta hiru porrot pilatu dituen Espanyolek bere zaleen aurrean gainditu beharreko azterketa gisa hartuko du neurketa.
Talde katalanak denboraldiko unerik gaiztoenak bizi ditu. Irabazteak bere jarraitzaileekin adiskidetzea ekarriko luke hein handi batean; galduz gero, ordea, alarma guztiak piztuko lirateke. Jaitsiera postuak hamar puntura daude, eta nahiz eta oso zaila den postu horietan amaitzea, posible izan daiteke.
Balizko hamaikakoak:
Espanyol: Pau Lopez; Marc Navarro, Mario Hermoso, David Lopez, Didac; Jurado, Darder, Carlos Sanchez, Granero; Baptistao eta Gerard Moreno.
Eibar: Dmitrovic; Capa, Lomban, Paulo, Cote; Dani Garcia, Escalante, Alejo, Jordan, Pedro Leon; eta Kike Garcia.
Epailea: Hernandez Hernandez.
Zelaia: RCDE Stadium.
Ordua: 19:30ean