Eibar
Ipuruan, 13:00etan
Eibar eta Getafe, Europarako azken trenaren bila
AGENTZIAK | ERERDAKZIOA
Armaginek euren aurkariek baino bi puntu gutxiago daukate, eta oraindik aukerak dituzte Europarako txartela eskuratzeko.
-
Getafek eta Eibarrek hutsean berdindu zuten lehenengo itzulian. Argazkia: EFE
Eibarrek, datorren urtean Lehen Mailan jarraituko duela behin bermatuta, Europarako txartela lortzeko azken aukerak baliatzen saiatuko da, berak baino bi puntu gehiago dituen Getafek bezala.
Jose Luis Mendilibarren taldeak morala berreskuratu du, sei jardunaldi garaipenik erdietsi gabe igaro ostean, irabazi egin baitzuten jokatutako azken norgehiagokan (asteazkenean, Espanyolen aurka). Hartara, baieztatu egin nahi dute azkenera arte borrokatuko direla ahalik eta goren geratzeko.
Armaginen entrenatzaileak erabilgarri dituen 20 jokalariak sartu ditu deialdian, eta, ondorioz, bi futbolari utzi beharko ditu azken zerrendatik kanpo. Gainera, prentsaurrekoan aurreratu zuenez, aldaketak egingo ditu hamaikakoan Getaferen aurka aritzeko. Dena dela, Espanyolen etxean lortutako emaitza onaren poderioz, Mendilibarrek bertan aritu zirenetako zenbait jokalari saritu ditzake.
Horrez gain, argi dirudi Fabian Orellana hamaikakora bueltatuko dela. Txiletarra Valentziak utzita aritu da talde armaginean neguko azokaz geroztik, baina datorren denboraldian Eibarren jokatuko du talde armaginak ordaindu egin baitu haren kontratuan azaltzen zen etete klausula.
Mendilibarrenek 45 puntu dituen Getafe izango dute aurrez aurre. Bordalasek zuzentzen duen taldea azpimarratzeko moduko denboraldi amaiera egiten ari dira, eta hala egiten jarraitu nahi dute.
Partida honetarako madrildarrek ezin izango dute aurreko jardunaldian Valentziari bi gol egin zizkion Remy aurrelaria zelairatu, ezta zigortuta dagoen Jorge Molina ere. Horrez gain, Pacheco eta Alvaro min hartuta daude. Hori dela eta, deialdia osatzeko Bordalasek harrobiko Hugo Duro eta Diego Barri deitu ditu.
Balizko hamaikakoak:
Eibar: Dmitrovic; Capa, Lombán, Paulo, Junca; Dani García, Jordan, Alejo, Orellana, Inui; Kike Garcia.
Getafe: Guaita; Damián, Bruno, Djene, Cabrera; Fajr, Flamini; Portillo, Shibasaki, Amath; eta Angel.
Epailea: Ignacio Iglesias Villanueva (Comité Gallego).
Futbol-zelaia: Ipurua.
Ordua: 13:00etan