Itxi

Eibar

2-2

Eibarrek berdindu egin du Atleticoren aurka eta amaiera ona eman dio sasoiari

Erredakzioa

Talde armaginak bina (2-2) berdindu du Wanda Metropolitanon. Kike Garciak eta Ruben Peñak sartu dituzte Eibarren golak; Fernando Torresek, Atletico Madrilen biak.

  • Atletico Madril-Eibar (2-2). Argazkia: EFE

    Atletico Madril-Eibar (2-2). Argazkia: EFE

Eibarrek eta Atletico Madrilek bina (2-2) bukatu dute Wanda Metropolitanon jokatu duten 2017-2018. denboraldiko Ligako azken partida. Ondorioz, armaginek amaiera ona eman diote denboraldiari.

Hasieratik lehiakor zelairatu da Eibar, eta Kike Garciak 35. minutuan sartu du gola (0-1). Ondo lehiatzen ibili dira armaginak, baina pozak ez die asko iraun, Fernando Torresek 42.ean sartu baitu gola (1-1).

Bigarren zatia oso bizia eta entretenigarria izan da. Bi taldeek izan dituzte golak sartzeko abaguneak, eta 60. minutuan aurrea hartu du talde koltxoneroak, Torresen bitartez (2-1). Torresek modu ezin hobean esan nahi izan dio agur Atletico Madrili. Partida maldan gora izan arren, Eibarrek ez du etsi. Neurketako 65. minutuan, Lucas Hernandez egotzi du epaileak, bigarren txartel horia aterata. Jokalari bat gehiagorekin geratu da Eibar, eta Ruben Peñak binakoa (2-2) sartu du 70. minutuan, jaurtiketa on batekin. Azken minutuetan, bi taldeetako batek ere ez du aurkariaren ate aurrean asmatu, eta neurketa berdinduta amaitu da.

Fitxa teknikoa:

2 - Atletico Madril: Oblak; Juanfran, Savic, Lucas, Filipe; Koke (Griezmann, 58. min), Gabi, Saul, Vitolo (Gimenez, 65. min); Correa (Diego Costa, 58. min) eta Fernando Torres.

2 - Eibar: Dmitrovic; Ruben Peña, Paulo Oliveira, Lomban (Arbilla, 66. min), Cote; Dani Garcia, Escalante; Alejo (Charles, 79. min), Jordan, Orellana; eta Kike Garcia (Xesc, 90. min).

Golak: 0-1, 35. min: Kike Garcia. 1-1, 42. min: Fernando Torres. 2-1, 60. min: Fernando Torres. 2-2, 70. min: Ruben Peña.

Epailea: Alvarez Izquierdo Lucas Hernandez egotzi du bi txartel horia aterata (64. min). Txartel horiak atera dizkie Filipe Luis (22. min), Fernando Torres (60. min), Diego Costa (70. min), Dani Garcia (56. min) eta Paulo Olivera (65. min) jokalariei.