Itxi

Eibar

OSATUTA

Pedro Leon, 'entrenatzailearen esanetara'

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Eibar taldeko erdilaria zelaietatik aldenduta egon da joan zen urteko maiatzetik, hainbat lesio tarteko.

  • Pedro Leon

    Pedro Leon. Argazkia: ETBko bideo batetik ateratako irudia

Pedro Leon Eibar taldeko erdilaria bueltan da, denbora luzez lesionatuta egon ostean. Izan ere, asteazken honetan baieztatu duenez, dagoeneko "entrenatzailearen esanetara" dago, eta ostiral honetan Getaferen aurka jokatzeko prest legoke.

Dena dela, onartu duenaren arabera, ez dago "ehuneko ehunean", "lau ebakuntza" egin baitizkiote 20 hilabeteren buruan, eta 2018ko maiatzetik norgehiagokarik jokatu gabe dago.

"Ez dut inor engainatu nahi, oso gaizki pasatu dut", onartu du. Hasiera batean, "ikaratu" egin zen diskoko herniaren ebakuntza zela-eta, baina gerora "oin-zolako fasziarena etorri zen, eta hura izan da mingarriena", azaldu du jokalari armaginak.

Aitzitik, futbola uztearen aukera ez da murtziarraren burutik pasatu. "Ez zait inoiz otu amore ematea"; hala ere, aitortu du une gogor horietan bere buruari "galdera ugari" egiten zizkiola.

"Banekien denbora kontua zela eta dena konponduko zela. Orain sasoiko nago, eta taldekideekin batera", gaineratu du.

Azkenik, taldea "oso ondo" dagoela iritzio dio, eta ez du ukatu Getaferen aurkako partidan berragertzea gustatuko litzaiokeela. "Sei urte eman nituen bertan, eta polita izango litzateke".