Eibar
Igandean, 12:00etan
Eibarrek ustekabekoa eman nahi du Valentziaren aurka eta salbazioa lotuta utzi
Erredakzioa
Mestallan jokatuko du talde armaginak igande honetan, 12:00etan. Puntu premia du Eibarrek.
-
Ivan Ramis eta Santi Mina, Ligako lehen itzuliko Eibar - Valentzia partidan. Argazkia: EFE
Eibarrek Valentzia izango du aurkari igande honetan, Mestallan (12:00etan), Ligako 35. jardunaldiari dagokion partidan. Talde armaginak garaipena lortzea du helburu, salbazioa lotuta uzteko.
Jose Luis Mendilibar entrenatzaileak jokatzeko prest izango ditu Cote eta Joan Jordan, baina Kike Garciak eta Diopek ezingo dute jokatu, min hartuta baitaude. Cucurellak ezker hegaleko erasoko postuan jokatuko du, eta Orellana ere hasierako hamaikakora bueltatuko da. Defentsako erdiko postuan errepika lezake Sergio Alvarezek.
Valentzia sasoiko iristen da, nahiz eta asteartean galdu egin zuen Atletico Madrilen kontra. Hala ere, Txapeldunen Ligako postuetan sartzeko lehian da Marcelino Garcia Toralek zuzentzen duen taldea, eta puntuak behar ditu. Gainera, ostegunean Europa Ligako finalerdietako joaneko neurketa jokatu beharko du talde valentziarrak Arsenalen aurka.
Geoffrey Kondogbia, Denis Cheryshev, Cristiano Piccini eta Kang In Lee ez dira jokatzeko prest egongo, baina Marcelinok berreskuratu egingo ditu Jaume Domenech atezaina eta Rodrigo Moreno aurrelaria.
Ustezko hamaikakoak:
Valentzia: Neto; Roncaglia, Diakhaby, Paulista, Gaya; Ferran edo Guedes, Parejo, Coquelin, Soler; Rodrigo, Mina edo Gameiro.
Eibar: Dmitrovic; De Blasis, Oliveira, Sergio Alvarez, Cote, Orellana, Jordan, Escalante, Cucurella, Enrich, Charles.
Epailea: Estrada Fernandez.
Zelaia: Mestalla.
Ordua: 12:00etan.