Itxi

Eibar

1-0

Eibarrek garaipena lortu du Betisen aurka

Erredakzioa

Talde armaginak 1-0eko emaitzarekin irabazi du Ipuruan jokatu den partida. Cotek sartu du neurketako gol bakarra, eta Dmitrovicek penalti bat gelditu du.

  • Eibar. Argazkia: EFE

    Eibarko jokalariak, Cotek Betisi sartutako gola ospatzen. Argazkia: EFE

Eibarrek garaipena lortu du Betisen aurka (1-0), Ipuruan. Ondorioz, talde armaginak 46 puntu bildu ditu jada. Partida hasi aurretik, salbazioa matematikoki lortuta izan du talde gipuzkoarrak, Gironak galdu egin baitu Getaferen kontra.

Erritmo biziarekin hasi da neurketa. Betis baloiaren jabe izan nahian eta Eibar presio aurreratua eginez. Pixka bat kosta zaion arren, Mendilibarrek zuzentzen duen taldea nagusi izaten hasi da, Sitienek zuzentzen duenaren aurrean. Lehen abagunea Betisek izan du 15. minutuan, baina Dmitrovic atezainak erantzun ona eman dio Guardadoren jaurtiketari. Eibarren erantzuna azkar etorri da, Escalantek egin duen erremate on batekin, baina Joel atezainak eragotzi du armaginen gola.

Norgehiagokako 22. minutuan, Ramisek gola sartu du; hala ere, Iglesias Villanueva epaileak baliorik gabe utzi du Eibarren gola. Betis ez da eroso ibili Ipuruako berdegunean, eta Eibarrek abaguneak sortu ditu. Pedro Leonek ez du atera asmatu Joel atezainak huts egin ostean. Ondoren, Orellana ere gola sartzetik gertu egon da. Betisen aldetik, Lo Celsok izan du abagune argi bat, baina gutxigatik kanpora bota du jaurtiketa.

Lehen zatia golik gabe amaituko zela ematen zuenean, Cotek area kanpotik jaurti, eta gola sartu du (1-0). Cotek, 2013-2014 denboralditik ez zuen gol bat sartzen Lehen Mailan.

Bigarren zatiari erasokorrago ekin dio Betisek. Hala ere, Eibar ez da makal zelairatu atsedenaldiaren ostean. Orellanak ez du asmatu Betiseko defentsek oparitu dioten baloia, eta, hurrengo jokaldian, Dmitrovic atezain armaginak eragotzi du talde andaluziarraren gola.

Partidako 65. minutuan, epaileak Betisen aldeko penaltia adierazi du, Ramisek Loren zapaldu duelako area barruan. Lo Celsok egin du jaurtiketa, eta Dmitrovicek hankarekin desbideratu du. Bikain ibili da Eibar taldeko atezaina.

Azken txanpan, Betisek erasora jo du, berdinketaren bila. Dmitrovicek beste erantzun paregabe bat eman dio Bartraren erremateari, eta, kontraerasoan Jordanek ez du baliatu 2-0ekoa sartzeko aukera.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic; De Blasis, Sergio, Ramis, Cote (Calavera, 92. min); Escalante, Jordan; Pedro Leon (Oliveira, 61. min), Orellana, Cucurella; Enrich (Kike Garca, min. 83).

0 - Betis: Joel; Francis (Lainez, 73. min), Bartra, Feddal, Junior; Guardado, Joaquin, Kaptoum (Jese, 83. min), Lo Celso, Tello; Loren.

Gola: 1-0, 45+1. min, Cote.

Epailea: Iglesias Villanueva, Txartel horiak atera dizkie Ramis, Cote eta Escalante Eibarko futbolariei, baita Bartra eta Tello Betiseko jokalariei.