Itxi

Eibar

1-2

Eibarrek porrota jaso du Espanyolen aurka eta irabazi gabe jarraitzen du

Erredakzioa

Talde armaginak 1-2 galdu du Ipuruan. Gol bateko abantaila izan du, baina hiru minututan emaitza iraultzea lortu du Kataluniako taldeak.

  • Arbilla eta Ferreyra. Argazkia: EFE

    Arbilla eta Ferreyra, Eibar - Espanyol partidan. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Eibar - Espanyol)0:1:56 min.

Eibarrek porrota jaso du Espanyolen aurka (1-2), Ipuruan jokatu duen Ligako 4. jardunaldiko partidan. Talde armaginak ez du garaipenik lortu oraindik, eta puntu bakarra bildu du lehen lau jardunaldietan.

Lehen zatia oso lehiatua eta parekatua izan da. Eibar izan da baloiaren jabe, eta agintzen ibili da, baina lehen abagunea Espanyolek izan du; Dmitrovic atezainak, ordea, perikitoen gola eragotzi du, Calleriren aurkako buruz burukoan garaile aterata. Talde armagina saiatu da abaguneak sortzen hegaletik egindako erdiraketen bitartez, baina ez du gol aukera argirik izan. Eibarren abaguneak lehen zatiaren azken txanpan etorri dira, Sergi Enrichek kanpora bidali duen erremate batekin, eta gutxigatik kanpora joan den Orellanaren jaurtiketa baten bitartez.

Bigarren zatian erasokorrago zelairatu dira bi taldeak, baina kosta egin zaie abaguneak sortzea. Hala ere, 58. minutuan, Eibarrek gola sartu du Ramisen bitartez (1-0). Orellanak falta atera, eta erdiko defentsak sare barrura bidali du errematea. Ondo bideratuta izan du neurketa talde armaginak, eta bigarren golaren bila jo du. Neurketako 76. minutuan, ordea, Espanyolek bigarren zatian izan duen lehen aukeran, partida berdindu du Ferreyraren golari esker (1-1). Hiru minutu beranduago, Bartzelonako taldeak emaitza irauli du, Granerok sartutako golarekin (1-2). Hiru minututan irauli du aurkako 1-0ekoa Espanyolek. Eibar berdinketa lortzen saiatu da azken minutuetan, baina porrota jaso du azkenean.

Fitxa teknikoa:

Eibar: Dmitrovic; Tejero, Arbilla, Ramis (Sergio Alvarez, 75. min), Cote; Orellana, Expósito (Escalante, 72. min), Diop, Inui; Charles eta Enrich (Quique Gonzalez, 80. min).

Espanyol: Diego Lopez; Xavi Lopez, Naldo, Calero; Darder, Victor, Marc Roca (Vargas, 66. min); Didac, Melendo (Pedrosa, 72. min), Ferreyra (Granero, 77. min), Calleri.

Golak: 1-0, 58. min, Ramis. 1-1, 76. min, Ferreyra. 1-2, 79. min, Granero.

Epailea: Pizarro Gomez. Txartel horiak atera dizkie Cote eta Exposito Eibarko jokalariei, baita Marc Roca eta Pedrosa Espanyoleko futbolariei. Espanyoleko Naldo egotzi du bi txartel horia aterata.