Itxi

Eibar

0-0

Eibarrek berdindu egin du Levanteren aurka

Erredakzioa

Talde armaginak golik gabe (0-0) berdindu du Ciutat de Valencia zelaian. Ondorioz, denboraldiko bigarren puntua eskuratu, eta garaipenik lortu gabe jarraitzen du.

  • Levante - Eibar. Argazkia: EFE

    Orellana baloia gidatuz, Levante - Eibar partidan. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Levante - Eibar)0:2:0 min.

Eibarrek berdindu egin du Levanteren aurka (0-0) Ciutat de Valencian jokatu duen Ligako bosgarren jardunaldiko neurketa. Talde armaginak denboraldiko bigarren puntua urratu du, baina garaipenik lortu gabe jarraitzen du bost jardunaldiren ostean.

Bi taldeek erasokor eta erritmo biziarekin ekin diote norgehiagokari. Ondorioz, talde bakoitzak aukera bana izan du lehen hamar minutuetan: Eibarrek eman du lehen abisua bosgarren minutuan, baina Aitor Fernandez atezainak eragotzi du gola, eta, bi minutu beranduago Levanteren abagunea iritsi da Campañak area barrutik gora bota duen jaurtiketarekin. Lehen ordu laurdena pasata Levante izan da nagusi, eta Dmitrovic atezainak eragotzi du talde valentziarraren gola, Mayorali buruz burukoa irabazita. Eibarrek izan dituen momentu txarrenetan, Diopek area kanpotik egin duen jaurtiketa batek lanak eman dizkio Aitor Fernandezi, baina atezainak ondo desbideratu du senegaldarraren saiakera. Atsedenaldira iritsi orduko, Moralesek kanpora bidali du errematea Dmitrovic Eibarko atezainaren aurrean bakarrik geratu ostean.

Bigarren zatiari erasokorrago eta baloiaren jabetza izanda ekin dio Eibarrek, eta lehen abagunea 48. minutuan izan du, gutxigatik kanpora joan den Arbillaren erremate baten bitartez. Levanteren erantzuna 56. minutuan etorri da Moralesen jaurtiketa batekin, baina Dmitrovic atezainak desbideratzea lortu du. Ordutik azken txanpara arte bi taldeetako batek ere ez du gol aukera argirik sortu. Partidako azken hasperenean, Eibarrek baloia berreskuratu du zelai erdian, Inui area barruan sartu da, baina Aitor Fernandez atezainak belaunarekin desbideratu du japoniarraren jaurtiketa, armaginen gola eragotziz.  

Fitxa teknikoa:

0 - Levante: Aitor, Miramon, Vezo, Cabaco, Clerc, Rochina, Campaña, Melero (Radoja, 70. min), Morales (Hernani, 83. min), Roger (Sergio Leon, 61. min) eta Mayoral.

0 - Eibar: Dmitrovic, Tejero, Arbilla, Ramis (Paulo Oliveira, 64. min), Cote, Diop, Edu Exposito, Pedro Leon (Escalante, 70. min), Orellana (Charles, 86. min), Inui eta Quique.

Epailea: Alberola Rojas. Txartel horiak atera dizkie Pedro Leon eta Dmitrovic Eibarko jokalariei.