Itxi

Eibar

2-0

Eibarrek Celtari irabazi eta aste bikaina biribildu du

Erredakzioa

Talde armaginak 2-0eko emaitzarekin irabazi dio Vigoko taldeari Ipuruan. Exposito eta Orellana izan dira golegileak. Eibarrek bi garaipen jaraian lortu ditu lau egunean.

  • Eibar. Argazkia: EFE

    Eibarko jokalariak Celtari sartutako gol bietako bat ospatzen. Argazkia: EFE

Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak
Futbola. LaLiga Santander: Laburpenak (Eibar - Celta)0:2:20 min.

Eibarrek garaipena lortu du Celtaren aurka (2-0) Ipuruan, eta astea biribildu du bigarren garaipena jarraian lortuta, izan ere, ostegunean ere irabazi egin baitzuen Sevillaren aurka jokatutako neurketa.

Talde armaginak erritmo bizia ezarri dio neurketari. Kike Garciak izan du lehen abagunea Ruben Blanco atezainaren aurrean geratu denean, baina epaileak, aurrelariak defentsari egindako falta ikusi du. Orellanak beste bi abagune izan ditu kornerrak zuzenean atera jaurtita, baina Celtako atezainak eragotzi egin ditu golak, erantzun onak emanda. Celtak lehen zatian izan zuen aukera bakarra Denis Suarezen bitartez iritsi da; haren errematea, ordea kanpora joan da oso gutxigatik.

Bigarren zatiari bikain eki dio Jose Luis Mendilibarrek zuzentzen duen taldeak, eta Expositok gola sartu du (1-0) 47. minutuan, baloia Celtako atezainaren gainetik loratuta. Ondoren, Dmitrovic atezainak Celtaren gola eragotzi du, Brais Mendezen jaurtiketa desbideratuta. Eibarrek Inuiren gola ospatu du, baina VARak baliorik gabe utzi du. Handik gutxira, ordea, 60. minutuan, Celtak kale egin du baloia atzetik ateratzerakoan, Inuik berreskuratu du, pasea eman dio Orellanari, eta honek 2-0ekoa sartu du. Azken minutuetan, Iago Aspasek penalti jaurtiketa huts egin du.

Fitxa teknikoa:

2 - Eibar: Dmitrovic, Cote (Tejero, 46. min), Arbilla, Oliveira, De Blasis; Edu Exposito, Sergio Alvarez, Escalante; Inui, Kike Garcia (Charles, 77. min), Orellana (Pedro Leon, 74. min).

0 - Celta: Ruben Blanco; Hugo Mallo, Araujo, Aidoo, Lucas Olaza; Brais Mendez (Fernandez, 85. min), Okay (Pape Cheikh, 67. min), Lobotka (Rafinha, 62. min); Denis Suarez, Santi Mina eta Aspas.

Epailea: Martinez Munuera. ATxartel horiak atera dizkie Arbilla, Orellana,Tejero eta Lucas Olaza jokalariei.

Golak: 1-0, 47. min: Edu Exposito. 2-0, 60. min: Orellana.