Eibar
Andoni Azkargorta
'Badajoz oso talde ona da, eta playoff postuetan dago hirugarren jardunalditik'
Erredakzioa
Andoni Azkargorta Eibar taldeko teknikari laguntzaileak, armaginek Errege Kopan aurkari izango duten Badajozen analisia egin du.
-
Andoni Azkargorta, Eibar taldeko teknikari laguntzailea. Argazkia: EiTB
Andoni Azkargorta Eibar taldeko teknikari laguntzaileak Radio Euskadin hitz egin du talde armaginak Errege Kopan aurkari izango duen Badajozi buruz. Aurkari arriskutsua dela esan du.
"Badajoz talde ona da. Bigarren Mailako IV. multzoko playoff postuetan dago hirugarren jardunalditik, ondorioz, aurkari arriskutsua da. Diru asko sartu dute klubean, igoera lortzen saiatzeko", adierazi du Azkargortak.
Badajozek jokalari onak dituela azpimarratu du, horietako batzuk Lehen eta Bigarren Mailako talde handien harrobietatik utzita joan direlarik. Gainera, Lehen Mailan debuta egin duten futbolariak ere badituela gogorarazi du Andoni Azkargortak: "Lehen eta Bigarren Mailako talde handien harrobietatik utzita heldu diren jokalariak ditu, eta bese batzuk Lehen Mailan debuta egindakoak dira. Euskal taldeetan aritu diren jokalari ezagun batzuk ditu, adibidez, Alavesen ibili zen Guzman, Realetik irten zen Quique Royo, eta Athleticen ibili zen Gorka Santamaria. Azken hau taldeko golegile nagusia da".
"Badajoz ondo ezagutzen dugu, bertan utzita baitaukagu Quique Pina gure jokalaria. Gainera, gure teknikari bi Badajozen egon ziren Las Palmasen aurkako kanporaketa ikusten", gaineratu du Eibar taldeko teknikari laguntzaileak. Badajozek estadio ona duela, eta berdegunea ondo dagoela azpimarratu du Andoni Azkargortak.