Itxi

Eibar

Hiru puntuak, etxean

Eibarrek garaipen garrantzitsua lortu du Levanteren aurka, Ipuruan

Agentziak | Erredakzioa

Charlesek taldearen lehen bi golak egin ditu eta Orellanak hirugarrena. Aitor Fernandezek penalti bat gelditu dio jokalari brasildarrari.

  • Eibar taldeko jokalariak, Charlesen lehen gola ospatzen

    Eibar taldeko jokalariak, Charlesen lehen gola ospatzen. Argazkia: Efe.

Eibarrek ez du hutsi egin eta hiru puntuak lortu ditu Levanteren aurka jokatutako 26. Jardunaldiko partidan. Armaginak 3 eta 0 gailendu dira, eta aurkaria baino gehiago izan dira momentu gehienetan.

Bi taldeek oso indartsu hasi dute neurketa, intentsitate handiarekin, eta kanpotarrek lana eman diote Yoel atezainari lehen minutuan. Dmitrovicek gau txarra igaro du eta Mendilibarrek ordezko atezaina zelairatzea erabaki du.

Lehen gola 27. minutuan iritsi da, geldikako jokaldi baten ondorioz. Charles brasildarra izan da golegilea.

Armaginek indarra hartu dute golarekin eta bigarrena egiten saiatu dira atsedenaldira iritsi baino lehen, baina Levanteren defentsa bikain aritu da.

Bigarren zatian, Paco Lopezen taldea berdinketaren bila atera da, baina ondorioz zuloak utzi dituzte atzeko aldean eta gipuzkoarrek ondo aprobetxatu dute egoera hori. Horrela, Charlesek bigarren gola egin du 48. minutuan, Enrichen pase bat buruarekin errematatuz.

68.ean, VAR laguntzaile teknikoaren bitartez, epaileak penaltia adierazi du Eibarren alde Levanteko jokalari batek eskuarekin baloia ukitu duelako area barruan. Hala ere, Aitor Fernandez atezaina zuhur ibili da eta brasildarraren jaurtiketa urruntzea lortu du.

Levantek erasora jokatzen jarraitu du, baina Orellanak gola egin du 85. minutuan eta partida erabakita utzi du.

Fitxa teknikoa

3. Eibar: Yoel;  Arbilla, Oliveira, Bigas, Cote; Pedro León (De Blasis, 83. min), Diop, Cristóforo, Orellana; Enrich (Kike García, 87. min), Charles (Escalante, 77. min).

0. Levante: Aitor; Miramón, Bruno, Postigo, Toño; Vukcvik (Sergio León, 66. min), Campaña, Bardhi, Morales; Roger, Mayoral (Melero, 66. min).

Golak: 1-0, 27. min. Charles. 2-0, 47. min. Charles. 3-0, 84. min. Orellana.