Itxi

2020/03/10

21:58

Eibar

1-2

Realak 1-2 garaitu du Eibar, eta Txapeldunen Ligako postuetan dago

Erredakzioa

Talde txuri-urdina nagusitu da Ipuruko derbian, eta, ondorioz, Ligako sailkapenean laugarren jarri da; armaginak, berriz, jaitsieratik bi puntura.

  • Reala. Argazkia: EFE

    REaleko jokalariak Oyarzabalek Eibarri sartu dion gola ospatzen. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Reala 1-2 nagusitu da Eibarren aurka Ipuruan jokatu duen euskal derbian. Ligako 24. jardunaldian atzeratutako neurketa honen ostean, talde txuri-urdina Txapeldunen Ligako postuetan dago orain, laugarren; armaginak, aldiz, jaitsiera postuetatik bi puntura daude.

Lehen zatia lehiatua, parekatua, etenaldi askokoa eta abagune gutxikoa izan da. Realak eman du lehen abisua, Willian Josek kanpora bidali duen jaurtiketa batekin. Ondoren, bi taldeetako bat ere ez da abagune argiak sortzeko gai izan, baina talde txuri-urdinak kontraerasoa antolatu du 15. minutuan, Januzaj area barruan sartu da, Bigasek eskuarekin moztu du belgikarraren jaurtiketa, eta epaileak Realaren aldeko penaltia adierazi du. Mikel Oyarzabalek 0-1ekoa sartu du, penaltiz.

Talde donostiarrak gola sartu ostean, Eibarrek erasora jo du, baina ez du gola egiteko aukerarik sortu. Realak ez du estutasunik izan defentsako lanean, baina Kike Garciak 27. minutuan egin duen erremateak Zubeldiaren besoan jo du, eta epaileak armaginen aldeko penaltia adierazi du. Remiro atezainak penaltia gelditu dio Orellanari, eta Eibarren gola eragotzi du.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Eibarrek, baina ez du lortu Realaren defentsari arazorik eragitea. Talde txuri-urdinak bigarren gola sartzeko aukera izan du 50. minutuan, nahiz eta Oyarzabalen erdiraketak ez duen errematatzailerik aurkitu. Bi minutu geroago etorri da armaginen erantzuna, Remirok gelditu duen Inuriren jaurtiketa baten bitartez.

Norgehiagokaren erritmoa moteldu egin da bigarren zatiko lehen ordu laurdenaren ostean, eta bi taldeetako batek ere ez du abagunerik sortu. Hala ere, partidako 73. minutuan, jokalari armaginek huts egin dute defentsan, Portuk pasea eman dio Willian Joseri eta brasildarrak 0-2koa sartu du.

Imanol Alguacilek zuzentzen duen taldeak kontrolpean izan du partida azken txanpan, baina Zalduak penaltia egin du 89. minutuan, baloia eskuarekin ukituta area barruan, eta Charlesek 1-2koa sartu du hamaika metroko puntutik Remiro atezaina gaindituta. Hala ere, berandu heldu da talde armaginaren gola, eta hiru puntuak Realak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 Eibar: Dmitrovic; Correa, Arbilla, Bigas (Burgos, 82. min), Cote; Orellana, Sergio Alvarez (Charles, 66. min), Escalante; Exposito, Inui (Quique Gonzalez, 77. min); eta Kike Garcia.

2.- Reala: Remiro; Zaldua, Aritz Elustondo, Le Normand, Muñoz; Zubeldia, Merino, Sangalli (Guevara, 61. min); Oyarzabal, Willian Jose (Isak, 85. min) eta Januzaj (Portu, 66. min).

Epailea: Medie Jimenez. Txartel horiak atera dizkie Bigas (15. min), Cote (29. min) eta Escalante (38. min) Eibarkom jokalariei, baita Zubeldia (28. min) eta Januzaj (25. min) Realeko futbolariei.

Golak: 0-1, 15. min: Oyarzabal, penaltiz. 0-2, 75. min; William Jose. 1-2, 89. min: Charles, penaltiz.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena
    ;