Publizitatea
Itxi

2020/06/28

21:33

Eibar

1-2

Eibarrek mailari eusteko aurrerapausoa eman du Granadari irabazita

Erredakzioa

Talde armaginak 1-2ko emaitzarekin lortu du garaipena Carmenes zelaian. Hiru puntu hauei esker, jaitsiera postuetatik aldendu da.

  • Kike Garcia eta De Blasis

    Kike Garcia eta De Blasis, Granadaren aurka gola sartu duten Eibarko bi jokalariak. Argazkia: EFE

  • Whatsapp
  • Whatsapp
  • Telegram
  • Bidali

Eibarrek garaipena lortu du Granadaren aurka (1-2) Los Carmenes estadioan jokatu duen Ligako 32. jardunaldiko partidan, eta salbazioa lortzeko aurrerapauso handia eman du. Talde armaginak 35 puntu ditu jada, jaisteko postuetan dagoen Mallorcak baino 9 puntu gehiago.

Granada hobeto zelairatu da, eta lehen hamar minutuetan abaguneak sortu ditu. Bosgarren minutuan, Antonio Puertas ez da bigarren zutoinean errematea egitera iritsi, eta, 10. minutuan, Correa gurutzatu da baloia kornerrera desbideratzeko, Machis ateko zuloan gola egiteko prest zegoenean. Eibarren erantzuna Inuiren jokaldi batekin heldu da, baina Escandell atezainak japoniarraren erdiraketa itxia gelditu du. Neurketako 18. minutuan, Granadak huts galanta egin du, eta De Blasisek 0-1ekoa sartu du, Granada taldeko atezaina erremate loratu batekin gaindituz.

Gola sartu eta bi minutura, talde armaginak abagune bikaina izan du, baina Escandellek erantzun ezin hobea eman dio Orellanaren erremateari. Ondoren, talde armaginak kontrolpean izan du norgehiagoka. Granadak erasora jo du, baina Eibarrek zulo guztiak itxi dizkio.

Bigarren zatiari ekiteko, Diego Gonzalez Granadako entrenatzaileak Soldado zelairatu du Etekiren ordez, eta, ukitu duen lehen baloian, Soldadok neurketa berdindu du (1-1).

Erritmo bizia izan du bigarren zatiaren hasierak. Granadaren golaren ostean, Eibarrek aurrea hartzeko aukera argia izan du 56. minutuan; Kike Garciak, ordea, oso gaizki errematatu du Orellanak egindako erdiraketa. Abagune oso argia izan du aurrelari armaginak. Ondoren, 62. minutuan, Dmitrovic atezainak eragotzi du etxeko taldearen gola, Fede Vicoren jaurtiketa desbideratuta.

Eibar gehien sufritzen ari zenean, eta Granada ondoen zebilenean, Orellanak pasea eman du area barruan, eta Kike Garciak 2-1ekoa sartu du, jaurtiketa on batekin.

Armaginen bigarren golak min egin dio Granadari, eta etxeko taldeari kosta egin zaio abaguneak sortzea. Eibarrek lan ona egin du, eta neurketa kontrolpean izatea lortu du une askotan. Gainera, lehia erabakita uzteko aukera izan du, baina Escandell atezainak De Blasisen jaurtiketa gelditu du. Eibarrek barkatu egin du, eta, ia jarraian, Granadak izan du partida berdintzeko aukera; Dmitrovicek, ordea, gola eragotzi du, Carlos Fernandezen errematea desbideratuz. Luzapenean, Expositoren jaurtiketa gutxigatik joan da kanpora. Granadak erasora jo du azken minutuetan, baina Eibarrek ondo eutsi dio, eta hiru puntuak eskuratu ditu.

Fitxa teknikoa:

1 - Granada CF: Aaron; Victor Diaz, German, Vallejo, Carlos Neva (Gil Dias, 73. min); Yan Eteki (Soldado, 46. min), Yangel Herrera; Antonio Puertas (Antoñin, 82. min), Fede Vico, Machis; eta Carlos Fernandez.

2 - Eibar: Dmitrovic; Rober Correa, Burgos, Bigas, Soares (Cote, 66. min); Sergio Alvarez, Diop; De Blasis, Inui (Cristoforo, 66. min), Orellana (Charles, 75. min); eta Kike Garcia (Edu Exposito, 87. min).

Golak: 0-1 (16. min) De Blasis. 1-1, (48. min) Soldado. 1-2, (69. min) Kike Garcia.

Epailea: Del Cerro Grande. Txartel horia atera dio German Granadako jokalariari, 95. minutuan.

  • Bisitatuena

      Kargatzen ikusiena
      Kargatzen ikusiena