Itxi

Eibar

35. JARDUNALDIA

Eibarrek berdindu egin du Leganesekin, baina ez du arriskutik aldentzea lortu (0-0)

AGENTZIAK | ERREDAKZIOA

Madrilgo taldearekin zeukan aldeari eutsi dio, baina Mallorcaren garaipenak lau puntura murriztu du jaitsierarekin zeukan tartea.

  • Kike Garcia eta Unai Bustinza, nor baino nor gehiago baloi baten lehian.

    Kike Garcia eta Unai Bustinza, nor baino nor gehiago baloi baten lehian. Argazkia: EFE

Eibarrek berdindu egin du Leganesen aurka (0-0) ostegun honetan Ipuruan jokatutako partida, Santander Ligako 35. jardunaldiari zegokiona. Horrenbestez, armaginek bere horretan eutsi diote Madrilgo taldearekiko zeukaten sei puntuko aldea; alabaina, ordu berean jokatu duen Mallorcak irabazi egin du Levanteren kontrako bere neurketa (2-0), eta horrek jaitsierarekiko zuloa lau puntura murriztu du gipuzkoarrentzat.

Neurketa parekatua jokatu dute lehen zatian bi taldeek, baina erritmo handirik gabekoa, falta eta geldialdi ugari izan baititu. Eibartarrek jokoaren ekimena bereganatuz hasi dira, hegaletik barneraldiak egin eta baloiak erdiratuz, aurrelarien bila. Horietako batean, Kike Garciak burukada jo du, baina Cuellarrek gelditu egin dio atzeraka egin ostean (15. minutua). Bitartean, madrildarrak defentsari sendo eutsi nahian zebiltzan, kontraerasoen bila.

Eztabaidarako jokaldi bat izan da 21. minutuan, Pedro Leonek geldikako baloi bat area barruan jarri ostean. Baloiak besoan jo dio hura alderatzen saiatzen ari zen Amadouri, baina ez epaileak, ez VARak ez dute erabaki penaltia adierazteko moduko jokaldia izan denik.

Handik gutxira, 27. minutuan, Leganesek sortu du arriskua Marko Dmitrovic atearen inguruan. Aitor Ruibalek jokaldi polita sortu du eskuin hegaletik, eta area ertzetik egin duen jaurtiketa kornerrera bidali du atezain serbiarrak.

Madrildarrek beste abagune bat pilatu dute geldikako jokaldi batean. Rosalesek ezker hegaletik bikain erdiratu du, eta Bustinza garbi errematatzeko zorian zegoela, Tarin bere taldekidea aurreratu zaio eta aukera nabarmena izan zitekeena ezerezean geratu da (40. minutua).

Armaginek izan dute atsedenaldira orduko azken aukera, baina Diopek buruz egindako ahalegina desbideratuta joan da kanpora.

Bigarren zatiari erritmo astunarekin heldu diote bi taldeek, falta ugari eginez, eta epaileak txartel horiak ateratzeari ekin dio (hiru hamar minuturen buruan).

Partidaren agintea ez zuela ikusita, Mendilibarrek bere taldeari beste indar bat eman nahi izan dio, hiru aldaketa batera eginda. Hala, Cristoforo, Charles eta Inui zelairatu dira, Pedro Leon, Sergi Enrich eta Rober Correaren ordez (60. minutua).

Mugimendu horrek ez dio aparteko emaitzarik ekarri Eibarri, baina, hala ere, lasai zebilen etxeko taldea, askoz beharrizan gehiago zeukan Leganesek ez baitzuen gaitasunik aparteko arriskurik sortzeko.

74. minutuan, partidaren nondik norakoa aldatzeko zorian egon da, Charlesek falta gogorra egin baitio Jonathan Silvari, haren korrikaldia eteteko, baina epaileak txartel horia besterik ez dio atera, Leganeseko jokalariek gorria eskatzen bazuten ere.

Norgehiagokaren azken minutuetan ez da inolako jokorik egon: helburu argirik gabeko baloi luzeak, faltak eta bata zein bestearen protestak izan dira nagusi. Horrenbestez, neurketa hutsean bukatu da, hots, eibartarrei mesede gehiago egin dien puntu banaketarekin, Leganesekiko aldeari eutsi baitiote, baita talde bien arteko zuzeneko golen aldeari ere. Hori bai, armaginek lanean gogor jarraitu beharko dute, une honetan lau puntura besterik ez baitute jaitsierako mamua.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmitrovic, Cote, Bigas, Burgos, Correa, De Blasis, Expósito, Diop (Cristóforo, 63. min), Pedro León (Inui, 63. min), Sergi Enrich (Charles, 63. min) eta Kike García (Kike González, 72. min).

0 - Leganés: Cuéllar, Rosales, Bustinza (Awaziem, 89. min), Tarín, Siovas, Kevin, Jonathan Silva, Ruibal (Eraso, 62. min), Rubén Pérez, Amadou eta Guerrero (Assalé, 83. min).

Epailea: Prieto Iglesias. Txartel horiak: Cote, Pedro León, Diop, Correa eta Charles (Eibar); Bustinza, Kevin, Siovas eta Cuéllar (Leganes). Txartel gorria atera dio Leganeseko atezainen entrenatzaileari, jokaldi bat protestatzeagatik.