Itxi

Eibar

0-1

Eibarrek Elxen aurka galdu du penalti bat huts eginda

Erredakzioa

Talde armaginak 0-1eko emaitzarekin galdu du Ipuruan jokatu duen Ligako 4. jardunaldiko partida. Edu Expositok kanpora bidali du penalti jaurtiketa 50. minutuan.

0
Eibar – Elx partidako laburpena eta gol guztiak

Eibarrek porrota jaso du Elxen aurka (0-1) Ipuiruan Ligako 4. jardunaldiko partidan. Armaginek puntu bakarra eskuratu dute momentuz Ligan eta garaipenik lortu gabe jarraitzen du.

Neurketari ez dio ondo ekin talde armaginak, bigarren minutuan abagunea izan baitu Elxek; Bigasek huts egin du defentsan, eta Dmitrovic atezainak desbideratu du Lucas Boyeren jaurtiketa indartsua. Ondoren, esnatu egin da Eibar, baloiaren jabe eginda, eta aurkariaren ate ingurura arriskua eramanda. Inuik 17. minutuan baloi ona jarri du arean, nahiz eta ez den inor iritsi errematera. Partidako 23. minutuan Reciok ezin izan du jokatzen jarraitu eta Sergio Alvarezek ordezkatu du. Mutok izan du armaginen lehen zatiko abagune onena; japoniarraren errematea, ordea, Badia atezainak gelditu du. Elxek ezer gutxi egin du erasoan, baina atsedenaldira iritsi orduko, 37. minutuan, Lucas Boyek 1-0ekoa sartu du area barruan baloia hartu eta jaurtiketa gurutzatua sare barrura bidalita.

Bigarren zatiari bizi eta erasokor ekin dio Eibarrek. Norgehiagokako 50. minutuan epaileak armaginen aldeko penaltia adierazi du Pere Millak baloia eskuarekin jo duelako area barruan. Jaurtiketa langa gainetik kanpora bidali du Edu Expositok. Elxek hamar minutu beranduago erantzun du Boyeren jaurtiketa on batekin, baina Dmitrovicek erantzun ona eman dio.

Ekinean jarraitu du Eibarrek, golaren bila, baina asko kosta zaio abagune argiak sortzea. Elx ondo kokatuta egon da, defentsako lanean arreta berezia jarriz, eta 84. minutuan gola sartzetik gertu egon da; Raul Guti, ordea, ez da errematea egitera iritsi. Luzapenean, Quique Gonzalezen jaurtiketa ondo gelditu du Badia atezainak, eta Elxek garaipena lortu du.

Fitxa teknikoa:

0 - Eibar: Dmtrovic, Tejero, Arbilla, Bigas (Burgos, 46. min), Kevin Rodrigues, Recio (Sergio Alvarez, 23. min), Edu Exposito, Pedro Leon, Inui (Kadzior, 73. min), Muto (Quique Gonzalez, 62. min) y Kike Garcia (Unai Arieta, 73. min).

1 - Elx: Badía; Josan, Verdu, Calvo, Josema; Fidel, Mfulu (Luismi, 88. min), Raul Guti (Ramon Folch, 93. min), Tete Morente, Pere Milla (Nino, 88. min) eta Boye (Kone, 82. min).

Gola: 0-1, 37. min: Lucas Boye.

Epailea: Jaime Latre. Txartel horiak atera dizkie Tejero eta Esteban Burgos Eibarko jokalariei, baita Tete Morente eta Josan Fernandez Elxeko futbolariei.