Itxi

Eibar

LaLiga, 8. jardunaldia

Eibarrek galdu egin du, etxetik kanpo geldiezin dabilen Cadizen aurka (0-2)

Agentziak | Erredakzioa

Andaluziarrek lehenengo zatian egin dituzte bi golak, armaginek partida kontrolpean izan dutenean.

0
Eibar – Cadiz partidako laburpena eta gol guztiak

Eibar galtzaile atera da etxean Cadizen aurka jokatutako partidatik. Andaluziarrak bikain ari dira etxetik kanpo eta euren zelaitik urruti jokatutako lau partidak irabazi dituzte. Gaurko hiru puntuei esker, gainera, lider dira sailkapenean, Realarekin puntuetara berdinduta.

Armaginek ondo hasi dute neurketa, jokoaren kontrola izan dute eta golaren bila aritu dira.

Baina Mendilibarren taldea erosoago jokatzen aritu denean iritsi da Cadizen lehenengo gola. 35. minutuan, Lozanok baloia erdiratu du eta Alvaro Negredok buruarekin errematatu du Dmitrovicen atea zulatuz.

Handik hiru minutura, Salvik jokaldia egin du eta bere errematea eibartarren atearen barruan sartu da.

Bigarren zatiaren hasieran, andaluziarrek beste gol bat egin dute baina epaileak baliorik gabe utzi du Lozano jokoz kanpo zegoela adierazita.

Eibarri kosta egin zaio jokoa lehen zatian bezala kontrolatzea, gipuzkoarrak ez dira atsedenaldiaren aurretik bezain eroso egon eta Cadiz, berriz, 0 eta 2 aurretik izanda, askoz lasaiago aritu da.

Azkenean, 0 eta 2 Ipuruan eta hiru puntuak Andaluzia aldera joan dira.

Fitxa teknikoa

0 - Eibar: Dmtrovic; Pozo, Olveira, Burgos (Rafa Soares, 81. min), Arbilla, Diop (Expósito, 46. min), Sergio Álvarez, Rodrigues (Kadzior, 75. min), Bryan, Inui (Enrich, 46. min) eta Kike García (Muto, 81. min).

2 - Cadiz: Ledesma, Akapo, Fali, Cala, Espino, Salvi (Alejo, 61. min), José Mari (Augusto, 80. min), Jonsson (Garrido, 80. min), Alex, Lozano (Malbasic, 71. min) eta Negredo (Bodiger, 80. min).

Golak: 0-1, 36. min: Negredo. 0-2, 39. min: Salvi.