Itxi

Eibar

1-2

Eibarrek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka, Ipuruan

A. B. | EITB Media

Talde armaginak 1-2ko emaitzarekin galdu du Ligako 19. jardunaldiko partida. Dmitrovicek aurretik jarri du Eibar, baina koltxoneroek emaitza irauli dute Luis Suarezek sartutako bi golei esker.

0
Eibar – Atletico Madril partidako laburpena eta gol guztiak

Eibarrek porrota jaso du Atletico Madrilen aurka (1-2) Ipuruan jokatu duen Santander Ligako 19. jardunaldiko partidan. Bigarren porrota jarraian jaso du talde armaginak Ligan.

Erasokor eta norgehiagokari erritmo bizia jarriz ekin dio norgehiagokari talde gipuzkoarrak, eta bederatzigarren minutuan epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du Carrascok area barruan falta egin baitio Mutori. Penaltia Dmitrovic Eibar taldeko atezainak jaurti, eta 1-0ekoa sartu du.

Neurketako lehen golaren ostean, bi taldeei asko kosta zaie abaguneak sortzea. Atletico Madrilen lehen abisua 25. minutuan iritsi da, langa gainetik kanpora joan den Correaren jaurtiketaren bidez. Talde koltxoneroaren eraso saiakerei ondo eutsi die Eibarrek, baina, 40. minutuan Sergio Alvarezek baloia gaizki aldendu du, Luis Suarezi iritsi zaio, eta area barrutik ez du barkatu (1-1) Atletico Madrileko aurrelariak.

Bigarren zatiari ere ondo ekin dio Eibarrek eta bigarren gola sartzeko aukera izan du 50. minutuan; Inuik erdiraketa ona egin, eta Kike Garciaren errematea kanpora joan da, oso gutxigatik. Ondoren, Pozo eta Arbilla ere saiatu dira area kanpotik egindako jaurtiketen bidez, nahiz eta ez duten lortu Oblakek babestutako atea zulatzea. Atletico Madril baino hobeto jokatzen ibili da talde armagina, eta Bigasek beste abagune bat izan du 68. minutuan; jokalari armaginaren errematea, ordea, kanpora joan da.

Partidako 84. minutura arte, Atletico Madrilek ez du abagunerik sortu, eta bigarren zatiko lehena Carrascok gora bidali duen falta baten ondorioz izan du. Hiru minutu beranduago, ordea, Luis Suarezek baloi luze bat jaso du, area barruan sartu da, Arbillarekin izan duen lehian lurrera joan da, eta epaileak talde koltxoneroaren aldeko penaltia adierazi du. Luis Suarezek egin du penalti jaurtiketa, eta maisuki gainditu du Dmitrovic atezaina (1-2).

Atletico Madrilek bigarren gola sartu ondoren, ia ezertarako denborarik ez da izan, eta Eibarrek porrota jaso du.

Fitxa teknikoa:

1 - Eibar: Dmitrovic; Pozo, Oliveira, Bigas, Arbilla; Diop, Exposito; Sergio Alvarez, Inui, Muto (Enrich, 77. min) eta Kike Garcia.

2- Atletico Madril: Oblak, Vrsaljko, Savic, Gimenez, Felipe, Lemar (Torreira, 46. min), Saul, Llorente, Carrasco, Correa (Joao Felix, 46. min) eta Luis Suarez (Kondogbia, 91. min).

Golak: 1-0, 11. min: Dmtrovic, penaltiz. 1-1, 40. min: Luis Suarez. 1-2, 89. min: Luis Suarez, penaltiz.

Epailea: Mario Melero Lopez. Txartel horiak atera dizkie Felipe (61') eta Savic (90') Atletico Madrileko jokalariei, baita Arbilla (81') eta Kike Garcia (90') Eibar taldeko futbolariei.