Itxi

Eibar

2-0

Eibarrek Huescaren aurka porrota jasota ekin dio denboraldiari

A. B. E. | EITB Media

Talde armaginak 2-0eko emaitzarekin galdu du Alcorazen jokatu duen 2021-2022 SmartBank Ligako lehen jardunaldiko partida.

2:09
Huesca - Eibar

Eibarrek porrota jaso du Huescaren aurka (2-0) ostiral honetan Alcorazen jokatu duen 2021-2022 SmartBank Ligako lehen jardunaldiko partidan. Ondorioz, armaginek ez diote hasiera ona eman denboraldiari.

Huescak izan du baloiaren jabetza hasieratik eta Eibar atzean sartuta egon da kontraerasora irteteko zain. Aragoiko taldea nagusi izan da lehen txanpan, baina armaginek ondo eutsi diote. Huescari kosta egin zaio abagune argiak sortzea, baina 16. minutuan izan du gola sartzeko aukera, baina Yoel atezainak gola eragotzi du, Nwakali jaurtiketa desbideratuta. Bost minutu beranduago, Ignacio Ambrizek zuzentzen duen taldeak gola sartu du; Joaquin Muñozek pase luzea jaso du, aurkariak atzean utzi ditu, eta ez du barkatu Yoel atezainaren aurrean (1-0).

Armaginak ez dira gai izan aurkariaren golaren ostean aurrerapausoa emateko, eta Huescak nagusi izaten jarraitu du, nahiz eta ez duen abagune argirik sortu. Gaizka Garitanok zuzentzen duen taldeak ez du jaurtiketa bat ere egin aurkariaren atera lehen zatian.

Bigarren zatiari erasokor ekin dio Eibarrek, eta lehen jokaldian arriskua sortu du, nahiz eta Franchuren jaurtiketa Pulidok desbideratu duen. Bi minutu beranduago etorri da armaginen partidako lehen abagunea; Andres Fernandez atezainak, ordea, Eibarren gola eragotzi du, Stoichkovi aurrea hartuta eta Fran Solen jaurtiketari erantzun bikaina emanda.

Etxeko taldea atzean sartzea lortu du Eibarrek bigarren zatiko lehen ordu laurdenean. Ondoren, Huescak neurketaren erritmoa moteltzea lortu du, eta 68. minutuan antolatu duen kontraerasoaren bidez, garaipena bideratuta utzi du; kontraeraso azkarra, Florian Miguelen erdiraketa, eta Seoanek 2-0ekoa jarri du markagailuan.

Norgehiagoka maldan gora jarri zaio Eibarri. Desabantaila murrizteko aukera izan du talde armaginak 80. minutuan, baina Gustavo Blancoren errematea kanpora joan da. Azken minutuan beste abagune bat izan du Eibarrek, baina Pulidoren eta Andres Fernandezen artean gola eragotzi dute. Huescak ondo eutsi dio bi goleko abantailari neurketaren azken txanpan eta garaipena erdietsi du (2-0).

Fitxa teknikoa:

2 - SD Huesca: Andrés Fernández; Buffarini, C. Salvador, Pulido, M. Mateu (Ratiu, 84. min); Mikel Rico, Seoane, Nwakali (Florian Miguel, 64. min), Ferreiro (Lombardo, min. 79. min), Escriche, eta Joaquín (Mosquera, 64. min).

0 - SD Eibar: Yoel; A. Tejero, F. Venancio, Arbilla, Glaude (Toño García, 7. min); Javi Muñoz (Atienza, 79. min), Sergio Álvarez (E. Expósito, 56. min); Corpas, Stoikov, Feullasier (Quique, 64. min); eta Fran Sol (Blanco Leschuk, 64. min).

Golak: 1-0, 21. min: Joaquín. 2-0, 68. min: Seoane.

Epailea: López Toca. Txartel horiak: Escriche (Huesca); Javi Muñoz (Eibar).