Eibar
SMARTBANK LIGA - 1. JARD.
Eibarrek garaipenarekin ekin dio denboraldiari, Teneriferen aurka emaitza iraulita (2-1)
A. B. R | EITB Media
Garitanok zuzentzen duen taldeak hiru puntuak eskuratu ditu. Galtzen hasi da, baina lehiari buelta ematea lortu du. Venanciok eta Stoichkovek izan dira talde armaginaren golegileak.
-
Eibarrek garaipena lortu du. Argazkia: @SDEibar
Eibarrek ezin hobe ekin dio denboraldiari. Garitanok zuzentzen dituen mutilak garaipenarekin estreinatu dira Ipuruan. Partida maldan gora jarri zaie armaginei; galtzen hasi dira, baina Venancio eta Stoichkoven golei esker urteko lehen hiru puntuak lortu dituzte.
Eibar baloi jabetzaren bidez agintzeko asmoz atera da berdegunera. Eibarrek hegaletatik eraman du arriskua aurkariaren ate ingurura, Imanol Garcia de Albeniz eta Alvaro Tejero protagonista izanik. Haien erdiraketek, aldiz, ez dute errematatzailerik aurkitu. Lehenengo zatia, abagune handirik gabe bukatu da.
Aldageletatik bueltan, aldiz, dena aldatu da. 50. minutuan Mo Daudak Nachoren alboko sake bat jaso du eta eskuinkada bortitzarekin Yoel atezaina gainditu du (0-1). Partida maldan gora jarri zaion arren, armaginek ez dute etsi eta 56. minutuan Venanciok banakoa jarri du markagailuan (1-1) estrategia jokaldi bat baliatuta. Imanol Garcia de Albenizek erdiraketa aparta egin, eta atzelari portugaldarrak sare barrura bidali du baloia, buruz.
Golak Eibar suspertu du eta talde armagina erasokor eta ausart joan da golaren bila. 66. minutuan, Stoichkovek, eskuinetik ateratako korner bat errematatu eta bigarren gola sartu du, baina Cordero Vega epaileak, baliogabetu egin du, VARa kontsultatu ostean.
Partida baretasun unean sartu da, baina azkeneko bultzada geratzen zen. 85. minutuan epaileak Eibarren aldeko penaltia adierazi du Tenerifeko Sergio Gonzalez defentsak baloia eskuarekin jo ostean. Stoichkov, iaz taldeko golegile nagusia izan zenak, ez du zalantzarik izan, baloia hartu eta gola egin du (2-1). Hortik aurrera sufritzeko unea iritsi da. VARak protagonismoa izan du berriz; oraingoan, Eibarren aldekoa izan da erabakia Teneriferi 93. minutuan gola baliogabetu baitio. Hiru puntuak Ipuruan geratu dira.
Fitxa teknikoa:
2 - Eibar: Yoel, Tejero, Venancio, Arbilla, Imanol (Rios Reina, 72. min), Sergio Alvarez, Matheus, Corpas (Rahmani, 72.min), Javi Muñoz (Aketxe, 62.min), Stoichkov eta Bautista (Quique, 80.min).
1 - Tenerife: Juan Soriano, Mellot, Sergio Gonzalez, Leon, Nacho, Jose Angel, Aitor Sanz, Shashoua (Teto, 80.min), Alexandre Corredera (Ethyan, 88.min), Mo Dauda (Elady, 56.min) eta Enric Gallego.
Epailea: Adrian Cordero (kantabriar komitea). Txartel horiak: Arbilla (24.min), Sergio Alvarez (30.min), Stoichkov (67.min) y Rahmani (97.min), Mo Dauda (55.min) eta Sergio Gonzalez (84.min).
Golak: 0-1, 50.min: Mo Dauda. 1-1, 56.min Venancio. 2-1, 85.min: Stoichkov, penaltiz.