Eibar
Akziodunen Batzarra
Amaia Gorostizak Eibarreko presidente izaten jarraituko du
I. G. | EITB MEDIA
Administrazio Kontseilua osorik hautatu dute berriro. Gainera, klubak 25,2 milioi euroko aurrekontua onartu du denboraldi honetarako.
-
Amaia Gorostiza. Argazkia: @SDEibar
Eibarreko Administrazio Kontseilua bere osotasunean berraukeratua izan da ostegun honetan Eibarko Coliseo antzokian egin den Akziodunen Ohiko Batzar Nagusian.
Kontseiluak, Amaia Gorostiza buru duela, klubaren buru izaten jarraituko du datozen bost urteetan.
Kontseilariak hautatzeko bozketetan, guztiak aukeratu dira ordezkatutako akzioen % 90etik gorako ehunekoekin.
Akziodunen Batzarrak Kontseiluak aurkeztutako aurrekontua onartu du, 25,2 milioi euroko gastuak eta 9,6 milioiko diru-sarrerak aurreikusten dituena. Beraz, 11,7 milioiko emaitza negatiboa aurreikusten da. Hala ere, Joseba Unamuno Klubeko diruzainak zehaztu duenez, gaur egun taldeak dituen datuekin, galerak 10 milioi eurotik beherakoak izatea aurreikusten da.
Aurreko ekitaldia 1,4 milioi euroko ustiapen-emaitza positiboarekin eta 4,9 milioiko finantza-emaitza negatiboekin itxi zen, eta ekitaldiko emaitza negatiboa 3,4 milioikoa izan zen. Puntu horren bozketan, aldeko botoen ehunekoa % 98koa izan da.
Amaia Gorostizak bere hitzaldian azpimarratu duenez, "gizonezkoen lehen taldeak gure historiako marka guztiak hautsi zituen", eta igoera "ez da obsesio bihurtu behar".