Itxi

Eibar

SMARTBANK LIGA

Eibarrek luzapenean lortu du garaipena Huescaren aurka (2-1)

A. B. R | EITB MEDIA

Armaginek azken hamar minutuetan irauli dute emaitza. Corpasek, penaltiz, eta Ruben Pulidok, bere atean sartu dituzte armaginen golak. Aragoiko taldearen gola Escrichek egin du lehen zatian.

  • Yanis Rahmani

    Yanis Rahmani Pulidorekin lehian. Argazkia: @SDEibar

Eibarrek Huesca garaitu du Ipuruan (2-1). Aragoiko taldea lehen zatian aurreratu da Escricheren golari esker. 84. minutuan Corpasek berdindu ostean, Ruben Pulidok bere atean sartu du garaipenaren gola luzapenean.

Eibar – Huesca partidako laburpena.

Partida hasi bezain pronto, markagailuan aurreratzeko aukera izan du Eibarrek, Tejerok erdiraketa bikaina egin du area txikira, baina gora joan zaio errematea Stoichkovi. Ondoren, parekotasuna izan da nagusi aukera garbirik gabeko neurketan.

35. minutuan, kanpotarrek gola sartu dute: Sokok pase aparta eman dio Dani Escricheri, eta horren erremate gurutzatuak Zidane atezaina gainditu du (0-1).

Eibar ez da altxatu jasotako kolpetik, eta atsedenaldira 0 eta 1eko emaitzarekin iritsi da norgehiagoka.

Aldageletatik bueltan, armaginek arriskua sortu gabe jarraitu dute. Huesca, aldiz, eroso egon da; etxeko taldeari utzi dio baloiaren jabetza, eta defentsan sendo aritu da.

Azken minutuetan, Garitanok zuzentzen duen taldeak guztia eman du markagailuari buelta emateko. 71. minutuan, Bautistak baloia jaso du area ertzean, baina bere jaurtiketa arazo barik gelditu du Andres Fernandez atezainak.

Berdinketa ez da 84. minutura arte iritsi: Milla Alvendiz epaileak penaltia adierazi du VARean jokaldia berrikusita, hasieran ez baitu ikusi Pulidok baloia eskuarekin jo duela area barruan. Corpasek jaurti du penaltia, eta banakoa jarri du markagailuan (1-1).

Bazirudienean partida berdinketarekin amaituko zela iritsi da armaginen bigarren gola: Ruben Pulidok bere atean sartu du baloia erdiraketa aldentzerakoan (1-2).

Sufritutako partida irabazita, Eibarrek urteko zortzigarren garaipena lortu du, eta lau puntura ditu igoera zuzeneko postuak.

Fitxa teknikoa:

2. Eibar: Luca, Tejero, Berrocal, Chema (Arbilla, 46.min). Rios Reina (Imanol, 93.min), Sergio Alvarez (Vadillo, 62.min), Matheus, Rahmani (Corpas, 46.min), Javi Muñoz (Nolaskoain, 67.min), Stoichkov eta Bautista.

1. Huesca: Andres Fernandez, Andrei, Jorge Pulido, Ruben Pulido, Florian Miguel, Soko (Gerard Valentn, 46.min), Timor (Blasco, 78.min), Salvador, Mateu (Joaquin Muñoz, 67.min), Escriche (Kevin, 65.min) eta Carrillo (Hashimoto, 65.min).

Epailea: Luis Mario Milla (Andaluzia). Txartel horiak: Chema Rodriguez, Berrocal, Sergio Alvarez, Nolaskoain, Timor, Ruben Pulido, Gerard, Kevin, Luca eta Salvador.

Golak: 0-1. 34. min, Escriche. 1-1 87.min Corpas. 2-1 92. min Ruben Pulido (bere atean).